Zuzenean

Naiz Irratia

'Bigarren kafea' magazin berria, astelehenetik ostiralera Naiz Irratian (16.00-18.00)

'Bigarren Kafea' magazina abiatuko da Naiz Irratian astelehen honetan. Astelehenetik ostiralera (16:00-18:00) Iñigo Asensio, Arrate Hernandez eta Iñigo Etxarriren eskutik dator arratsaldeko kafea. Eguneko bigarren kafea izango ote den ezin dugu ziurtatu, baina, kafea mimoz egina, goxoa eta atsegina izango dela bai. 

Audio_placeholder

'Bigarren kafea' magazin berria, astelehenetik ostiralera Naiz Irratian (16.00-18.00)

Loading player...

Goizeko kafea, esnatzeko. Bigarrena, gozatzeko. Eta bigarren hori Naiz Irratian gozatuko duzue astelehen honetatik aurrera. Ez dira egun errazak bizi ditugun hauek, etxealdiarekin moldatu behar izan dugu denok gure egunerokoa, hala ere, Naiz Irratian lanean jarraitzen dugu gure eskaintza zabaltzeko, eta astelehen honetan 'Bigarren Kafea' magazina abiatuko dugu (16.00-18.00) Iñigo Asensio, Arrate Hernandez eta Iñigo Etxarriren gidaritzapean. 

Naiz Irratian egindako elkarrizketan nabaritzen da (goian entzungai) elkarren arteko kimika. Txantxa eta txantxa artean eman dituzte saioaren zertzeladak. Elkarrekin aurrez aurre egon gabe osatu behar izan dute saioa, koronabirusaren krisiak bete-betean harrapatu baitu ekoizpen prozesua, «bitan elkartu gara», aitortu du Iñigo Asensiok. Tokatu zaie saioa whatsaap mezu, dei eta bilera birtualen bidez sukaldatzea. «Ona da honek guztiak hasieran harrapatu gaituela, ilusio eta gogo asko dugu», nabarmendu du Arrate Hernandezek. 

«Hasieratik garbi nuen hiru aurkezleko saioa izango zela», esan du Asensiok, abentura berri hau hasteko segituan topatu zituen beste bi kideak: Arrate Hernandez eta Iñigo Etxarri. Komunikazioan eskarmentua badute hiruek. Hernandez podcastgintzan aritu da azken urteetan ZUZEUen, Asensio, ikus-entzunezkoetan Korima Films-en eta kazetari moduan Basque Team-eko kirolarien jarraipena egiten. Pasa den udan, Naiz Irratian ere aritu zen FrantziakoTour-aren jarraipena egiten. «Etxarriren perfila bestelakoa da» dio Hernandezek, eta Asensiok gehitu: «oso ongi bateratzen da Etxarriren profila, musikaria baita». Iñigo Etxarri 'Liher' taldeko gitarjolea izateaz gain, soinu ingeniaria da, eta irratian eskarmentu handirik ez badu ere, mikrofonoaren aitzinean ez da batere kokiltzen. 

Gaurkotasunari helduko diote 'Bigarren Kafea' saioan,  baina,  beste prisma batetik landuko dituzte gaiak. «Gaiak askotarikoak izango dira: kultura, harremanak, sexualitatea, ekonomia, bidaiak...» Hernandezen arabera, mimoz landuko dituzte eduki denak «kolaboratzaileei eta elkarrizketatuei merezi duten tartea eskainiko diegu, ez gara korrika ariko». 

Hori ere bada goizeko lehen kafearen eta bazkalostekoaren arteko ezberdintasuna. Lehena, arrapaladan hartzen da maiz, irentsi; bigarrena, patsadaz. «Kontsumitzaile bezala, saiatu gara guri gustatuko litzaiguken zerbait egiten. Podcast eta ikus-entzunezko asko kontsumitzen ditugu, eta bigarren kafeak asko izango du horretatik», dio Iñigo Etxarrik. 

Asensiok ere nabarmendu du hori, 'Bigarren Kafea' irratsaioa ez dela zuzeneko soil bat izango, sare sozialak ere edukiz hornituko dituztela bideo eta audio klip bereziekin «gu asko ibiltzen gara ikus-entzuneko giroan, eta 'Bigarren kafea' oso saio bisuala izango da».  

Kolaborazioak

Kolaboratzaile zerrenda luzea da eta landuko dituzten gaiak, anitzak. Irati Tranche ekonomiaz,  Maitena Usabiaga sexualitatez,  Ainhoa Martzolek emango du tendentzien berri,  Donna Apellanizek emozioez ariko da, May Gorostiagak eta Iker Laurobak politikaren analisi komiko musikala egingo dute astero, modaz ariko da Maria Laspiru, Oihana Maritonera ere gehitu da kolaboratzaile zerrendara eta arte eszenikoen inguruan ariko da. Javi Rivero sukaldaria, gastronomiaz noski, eta Angel Cuerdo, Josu Iztueta, Sara Lizartza  Agurtzane Belauntzaranek lehioak irekiko dizkigute eta haiekin bidaiatuko dugu, munduan barrena eta Euskal Herrian ere bai, noski.  

'Bigarren Kafea' magazineko tarte esanguratsuenak podcast plataformetan ere zabalduko dira. Horretaz gain, magazinak badauka kontua Twitter, Facebook eta Instagram-en, eta bertan zabalduko dira edukiak ere. Entzuleak ere izango du aukera harreman zuzena izateko whatsapp bidez 688725484 zenbakian.  

Jaurlaritza Logoa