Amaia Zurutuza
Elkarrizketa
Ana Galarraga
Zientzia-komunikatzailea, Elhuyar

«Test masiboak egiteko gaitasuna badago, koordinatzea da falta dena»

Koronabirusaren egiazko argazkia egin ahal izateko test masiboak behar dira. Hasieran ez, baina orain horiek egiteko material eta giza baliabide nahikoa badagoela dio Elhuyarreko Ana Galarragak, baina lan hori koordinatzea falta dela. «Oso berandu» iritsi garela dio, gogoratuz epidemiari neurria hartzea lortu duten lekuetan testak «goiz eta azkar, modu masiboan» egiteko gai izan direla. 

Audio_placeholder

«Test masiboak egiteko gaitasuna badago, koordinatzea da falta dena»

Loading player...
Ana Galarraga, Elhuyar zabaltzen ari den bideo pedagogikoetako batean.
Ana Galarraga, Elhuyar zabaltzen ari den bideo pedagogikoetako batean.

Zein garrantzia du testak egiteak?
Testak egiteak erabateko garrantzia du, funtsezkoa dira, jakin behar dugu zenbat jende dagoen infektatuta neurria hartzeko gertatzen ari denari, jakiteko pandemia zenbateraino hedatu den, zenbat jendek izan duen birusa gorputzean eta horren arabera ezarri beharko lirateke hurrengo neurriak.

Orain arteko neurriak gehien bat izan dira itsuan hartutakoak, jakin gabe zehazki zenbait jenderi ari zaion eragiten. Ikusita askoz azkarrago eta arinago ari zela hedatzen hasieran pentsatzen zutena baino, badaezpadako neurria izan zen ahalik eta harreman gutxien izatea pertsonen artean, birusak ez izateko modurik pertsona batetik bestera joateko, lixto. Oso begibistako neurria da, eta betitik erabili dena; isolatzea, bakartzea, berrogeialdiak eta abar, konfinamendua. Hori ezarri dute baina nahiko era itsuan, orain jakiteko hurrengo pausoak zein izan behar duten ezinbestekoa da jakitea nola gauden.

Zergatik ez dira egiten era masiboan ?
Arazoa hasieratik izan da baliabide falta, bai materiala, ez zeudelako nahikoa test, eta baita pertsonalarena ere. Hasieran egiten ziren testak ziren jakiteko birusa gorputzean ba ote duzun, infektatuta ote zauden. Horiek egiteko badaude metodo bat baino gehiago.

Bi dira erabiltzen diren nagusiak, bati deitzen zaio PCR, birusaren beraren genoma detektatzen du. Birusak dira oso gauza sinplea, eta kasu honetan genoma da dagoen sinpleena, RNA deitzen zaio. Zuk lortzen baldin baduzu RNA hori erauzi eta hori detektatzea, badakizu ziur pertsona horrek baduela birusa, infektatua dagoela. Hain da sentibera neurtu dezakeela zenbat birus daukazun, eta kopuru hori lotzen da askotan sintomaren larritasunarekin, zenbat eta gehiago izan sintoma gero eta larriagoak. Baina kontuz, ez beti! Kasu honetan garbi izan behar dugu oso gutxi dakigula birus honi buruz, berri-berria baita.

PCR hau egiteko baliabideak osasun sistemaren barruan ez ziren nahikoak eta ez da egon modurik susmoa zeuketan pertsona guztiak testeatzeko eta diagnostiko bat egiteko. Horrek ez du esan nahi berez ez zegoenik nahikoa materialik. PCRak biologiako laborategi guztietan daude, erabiltzen dira beste organismoen RNA eta DNA aztertzeko. EHUko zentro dezentek orain elkarlanean egin dutena da egokitzea dituzten aparatu guztiak koronabirusa  detektatzeko. Protokoloa ontzat eman dute eta gainera orain publiko egin dute, gainerako unibertsitate eta ikerketa zentro guztiek, tresneria hori dutenek, erabili ahal izateko. Pertsonal aldetik ere, laborategi horietan lan egiten duten guztiek badakite erabiltzen.

Zer gertatzen da? Ez dela hori bakarrik, antolatu egin behar da moduren bat probak egiteko. Nola joango diren zentro horietara, nork egingo dien diagnostikoa, datu horiek nola integratu orain arte osasun sisteman bildu diren beste datuekin... 

Uste duzu laster izango direla testak modu masiboan egiteko moduan?
Gaitasuna orain badago, material aldetik, hori guztia koordinatzea da falta dena. Ikertzaileek beraiek ere ez dakite hori nola izango den. Administrazio aldetik nik ere ez daukat batere garbi momentu honetan esateko «hau horrela koordinatuko da». Ez dakit hori Osakidetzak egin dezakeen, adibidez, parte hartu du protokolo honen doitzean eta ez dakit bere eskumena nahikoa den edo goragotik etorri behar duen. Ez dakit ez baitute garbi azaldu, baina material eta baliabide aldetik prest egongo ginateke. Protokoloa aurkeztean esan zuten egunean EAEn 10.000 test egiteko gaitasuna izango luketela...

Nahikoa litzateke?
Hori ia asko da, gainera hauek test zehatzenak dira, lau-sei ordu behar dira emaitzak jakiteko. Baina, horrekin batera egiten ari dira beste leku askotan test azkarrak. Horiek ez dira horren espezifikoak eta errore tartea handiagoa dute, baina argazki bat egiteko balio dute eta 15 minututan ematen dute emaitza. Askoz ere errazagoak dira, ez da behar pertsonal kualifikatua, haurdunaldi probaren oso antzekoa da, kit hori izatea da behar den bakarra. Orain ari dira erosketak egiten, hornitzen, eta adinekoen egoitzetan eta halakoetan ari dira erabiltzen jakiteko zein den egoeraren argazkia. Kontuan hartu behar da, ordea, errore marjin handia dagoela eta argazkia momentukoa dela, aldatzen doa, dinamikoa da.

Oso berandu hasi gara, kontua hori da. Birusaren RNA honek dauka kapsidea bat, eta bilgarri bat, eta bilgarri horretan daude proteina batzuk birusari balio diona zeluletara sartzeko, proteina horietako bat detektatzen du test azkarrak. Zer gertatzen da? Proteina hori detektatu arren gerta litekeela pertsona horrek infekzioa gaindituta izatea, birusak suntsitu ditu, ez dauka gaitzik, baina oraindik dauzka birusaren zatiak eta horiek detektatzen ditu. Test horren diagnostikoa izango da «infektatuta zaude edo egon zara»,  beraz, ez da horren zehatza. Besteak [EHU] esaten dizu infektatuta zauden ala ez eta aktiboa den, alegia, birusa bizirik dagoen zure gorputz barruan.

Testen inguruan, informazio argia plazaratzen ari dela uste duzu?
Ez ez, niri ere kosta egiten zait... Argi, argia ez egia esan. Ez dakit zer puntutan gauden oraintxe, ez dakit bihar bertan hasiko diren edo luzatu egingo den kontua.

Bitartean, Espainiako Osasun Ministerioritik aste honetan jarri behar zuten martxan hirugarren test bat, eta test hori da test serologikoa, jende askok aipatzen duen inmunitate testa da hori. Esaten du gaitza pasatu duzula eta zure gorputzak defentsak sortu dituela birusaren kontra. Hori gaitz batzutan izaten da seinale inmunea zarela eta denbora baterako behintzat ezingo zarela kutsatu, defentsak sortu dituzulako. Baina kasu honetan oraindik ez dakigu sortzen den inmunitate horrek zenbateraino babesten duen, babes osoa ematen duen ala ez, eta ez dakigu denboran zenbat irauten duen.

Orduan, nahiz eta zuk diagnostiko horretan positibo eman, pentsa dezakezu «ze ondo, ia baditut defentsak», baina horrek ez du esan nahi babes neurririk hartu behar ez denik.

Test hauen kasuan iragarri zuten 60.000 pertsonei egin behar dizkietela Espainia osoan, izango dira pertsona esanguratsuak epidemiologikoki, hortik ondorioztatzeko populazio guztia nola dagoen.

Zein da kontua? Batetik oraindik ez direla hasi, eta bi; bi txandatan egingo dute 21 eguneko tartearekin. Hori ondo dago, horrela beharko du baieztatzeko eta jakiteko nortzuk ematen duten inmunitate test horretan positibo, baina luze joko du. 21 eguneko tartea eta oraindik ez dira hasi, aste honetan astekoak ziren arren. Beraz, honek luze joko du.

Beste herrialdetan nola ari dira?
Denetik dago, baina lortu dutenak epidemiari neurria hartzea eta aipatzen den kurba hori leuntzea azkar eta konfinamendu ez horren zorrotzarekin izan dira testak goiz eta azkar eta modu masiboan egin dituzten herrialdeak. Hor badaude bi, ez dute guretzako balio agian aurretik izan zutelako SARSarekin esperientzia eta baliabideak eta teknologia bazituztelako, Hego Korea eta Singapur izan dira hor erreferente garbienak. Neurriak hartu zituzten hasiera-hasiertaik eta emaitza oso onak izan diztuzte. Europaren barruan asko egin dituzte adibidez Alemanian eta hor nabarmena da hildakoen ehunekoa oso txikia dela beste herrialdekin alderatuta.  Eskandinabiarrak ere bastante emaitza hobeak izaten ari dira.