Amaia ZURUTUZA
Elkarrizketa
Jon Martin
Michelin-Lasarte Langile Komitea

«Konfinamenduan egon behar badugu konfinamenduan egon behar dugu, eta ez lantokietan»

Milaka langile gaur itzuli dira euren lantokietara, jarduera ekonomikoa berrabiarazteko Espainiako Gobernuaren erabakiaren ostean. Egoerari neurria hartzeko balio dezakeen adibide bat, Lasarte-Oriako Michelinena. Langile komitetik «kezka» eta «beldurra» aipatzen dituzte, ondorio kaltegarriak izan ditzakeelako langileengan, hauen famliengan eta gizartean. 

Audio_placeholder

«Konfinamenduan egon behar badugu konfinamenduan egon behar dugu, eta ez lantokietan»

Loading player...
Lasarte-Orian Michelinek duen lantokia. (Google)
Lasarte-Orian Michelinek duen lantokia. (Google)

Lasarteko Michelinen plantak gaurtik aurrera berrekingo dio jarduerari, pixkanaka bada ere. LABen ordezkaria da langile komitean Jon Martin. 

Zein gorputzaldirekin egiten diozue aurre lanerako itzulerari?
Azken egun hauetan hainbat bilera izan ditugu lanerako itzulera prestatzeko eta kezkatuta gaude, gauza asko daudelako mahai gainean eta irekiera hau enpresak berak alde bakarrez erabaki duelako, guk ez diogu zentzurik ikusten eta kezkatuta gaude.

Zein litzateke erabaki egokiena?
Hori krisia kudeatzen dutenek esan beharko lukete. Baina, oso argi geratzen da konfinamenduan egon behar badugu konfinamenduan egon behar dugula eta ez lantokietan. Enpresak interes ekonomikoak osasunari lehenesten dizkio, ez du lehenesten langileen, euren senitartekoen eta gizarte osoaren osasuna.

Guk uste dugu gaur goiz dela lanean hasteko, ez gaudela prest lana modu ziurrean eta gizarteari eragingo ez dion moduan egiteko.

Bermatuta daude babes neurri guztiak?
Ezarri da protokolo bat eta modu ezohikoan egingo dugu lana, baina nik uste ezin dela bermatu segurtasuna, kutsadurarik ez egotea. Lehentasun kontuetaz ari gara hemen hizketan eta kezkatuta gaude. Atzo ikusi genuen telebistan Italiako gune industrial baten kontua, ez zituzten lantokiak itxi eta azkenean kutsatu pilo bat izan ziren jarduera eten ez zen leku horretan eta hildako pilo bat ondorioz, eta orain komeriak.

Lanera itzultzea totem moduko gisa ezarri dute eta denak balio duela dirudi. Gaur jendeak topoa hartu du, autobusa hartu du... egunak daramatzagu inorekin egon gabe, eta honek ez du logikarik, pasako ditugu lauzpabost egun lanean eta berriro ertxean sartzeko eskatuko digute, ez du zentzurik.

Babes materialari dagokionez, banatuko dizkigute EPIak eta maskarak. Baina, gero entzuten duzu pertsonak zaintzen ari diren langileek ez dutela horrelako elementurik eta ez du zentzurik. Moralki eta etikoki badago hor ere zer pentsatua. 

Zuzendaritzaren jarrera nolakoa izaten ari da?
Badaramazkigu egun batzuk lanketa hau egiten, bueltatzeko beharrezkoak diren lanak egiten. Zuzendaritzak segurtasun protokoloa gurekin landu du, baina berea da. Berak egin du, aportazio batzuk hartu ditu eta berak onartu eta berak jarri du martxan.

Eurei ere segurtasun falta handia nabari zaie. Beraientzat ere egoera berria da, beraiek ere ikusten dute arriskua dagoela. Gaur goizean hasi gara sarrera mailakatuekin, protokoloak ezartzen dituen babes neurriekin... Espektazio handia dago, eta beldur handia, nola joango den.

Kezka dugu neurriak ondo ezarriko diren eta lehen egunetik harago eutsiko zaion, egun gutxi barru uste dut hau normaltasun batean sartuko dela. Eta noski, kezka ia protokoloak balioko duen kutsadurak ekiditeko.