Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Aizpea Otaegi
Errenteriako alkatea

«Eskuhartze publikoaren eta komunitatearen ekimenari esker ari gara egoerari honi erantzuten»

Zereginik ez du falta egunotan Aizpea Otaegik, Errenteriako alkateak. Artean urtebete ere ez darama karguan, baina koronabirusagatik ezarritako larrialdi egoerari aurre egitea egokitu zaio bera buru den udal gobernu taldeari. Lana «ikaragarria handia» izaten ari dela dio, eredugarri izaten ari da Errenteria kolektibo zaurgarrienei babesa emateko lanean.   

Audio_placeholder

«Eskuhartze publikoaren eta komunitatearen ekimenari esker ari gara egoerari honi erantzuten»

Loading player...
Aizpea Otaegi 190527
Aizpea Otaegi 190527

«Berrantolaketa ariketa handia» suposatu zuen, Errenteriako alkatearen hitzetan, larrialdi egoeraren ezarpenak. Eta egunez egun izaten jarraitzen du, testuinguru aldakorraren baitan, «etengabeko lana baita herritarrei eman beharreko zerbitzuen berrantolaketa». 

Zurrunbilo guzti honen erdian, gainera, Errenteria hiribildu gisa eratu zenetik 700 urte bete dira apirilaren 5ean. Aizpea Otaegirekin pasa den ostiralean hitz egin genuen, oraino hitzordua iristear zela. Baina berak azaldu duenez, ez zuten zita oharkabean pasatzerik utzi nahi; atonduta zuten egitaraua «berrasmatu», eta, balkoietara eta leihoetara eraman dute ospakizuna, «gure plaza berrietara». Familiek edo norbanakoek egindako grabazioekin ere «Film kolektiboa» osatzeko asmo dute, «hemendik urte batzuetara ikus dadin konfinamendu egoera hau nola bizi izan genuen».

Horiek horrela, egun «zailak, intentsoak eta ziurgabetasun handikoak» direla onartu du. 

Zuk esana da krisialdi honek ez gaituela guztioi berdin eragiten. 

Krisi hau gurera iritsi aurretik gizartearen ezberdintasunak hor zeuden, eta krisi honek egin duena da, ezberdintasun horiek, ta zaurgarritasunak oro har, are eta nabarmenago gelditzea. 

Errenteriako Udala abanguardian kokatu da kolektibo zaurgarrienak laguntzeko neurriak hartzerako garaian; lehenetarikoak izan zineten 'zaintza bermatzeko ekimen komunitarioa' martxan jarri zenutenak. Udala eta herritarrak eskutik helduta ari zarete lanean, gainera.  

Konfinamendu egoerari hasiera eman zitzaion lehen unetik, gogoeta egin genuen horren inguruan; alegia, aztertu genuen egoera honek nori eragiten zien neurri haundienean. Berehala mahai-gainean hainbat kolektibo jarri genituen: 70 urtetik gorako adinekoak, 65-69 urte bitarte dituzten eta bakarrik bizi ziren pertsonak, Gizarte Zerbitzuetako ohiko erabiltzaileak, biolentzia matxistaren biktima zirenak... Konturatu ginen 70 urtetik gorako eta bakarrik bizi diren kolektibo horietan guztira 8.000 pertsona genituela, ete nekez irits gintezkeela guztiengana Udaleko baliabideekin. Beste alde batetik, itxialdia hastearekin bat, laguntzeko eta esku bat botatzeko prestutasuna erakutsi zuten zenbait herritarrek. Beraz, bi elementu horiek kontutan izanda, bide eman zigun 'Zaintza Sare Publiko Komunitarioa' deitu diogun hori eratzeko.

Herrikideen erantzuna sekulakoa izan da, 450 pertsonak baino gehiagok eman du izena, eta haiei esker gai izan ginen konfinamendua hasi eta astebetera 8.000 pertsona horiekin guztiekin hitz egiteko. 

Bolondres horiez gain, ezinbestekoak izan dira Babes Zibila eta Gurutze Gorria bezalako taldeak ere. Hauei esker etxetik atera ezin duten herrikideengana iristen gara janaria eta botikak eraman ahal izateko. Ikaragarri pozik egoteko modukoa da nolako lankidetza sarea osatu dugun ikustea, nola izan garen gai eskuhartze publikoa eta lan komunitarioa egituratzen.   

Harremana jarraitua izaten ari da pertsona horiekin?    

Bai. Lehen deian bakoitzaren egoera identifikatu genuen, eta hortik abiatuta zaintza sareak deiak egiten jarraitu du. Janariaren edo botiken beharra duenak, berriz, 010 Udaleko telefonoa du eskuragarri euren eskaerak luzatzeko. 

Ikasleei begira ere zenbait neurri hartu dituzue; besteak beste, interneterako konexioa eta ordenagailua jarri dituzue euren eskura.

Hasierako identifikazio horretan, ikasleak ere kontuan izan genituen. Batik bat, pobrezia digitalaren arazoari lotuta, hori ere gure errealitatearen parte bat baita. Ikastetxeak ixtearekin batera, ordenagailua edo interneta bilakatu ziren ezinbesteko tresna hezkuntza prozesua jarraitu ahal izateko. Ikastetxeen bidez identifikazio lan bati ekin genion, eta, 110 ikasleri SIM txartela eta beste 41 ikasleri ordenagailuak erraztu dizkiegu. Hiri mantenuko udal langileen bitartez ari gara horiek ikasleen artean banatzen. SIM txartelen kasuan, Izarkom-en bitartez eskuratu ditugu, eta gero eurek eskaintzen diete familiei aholkularitza, baita gure udaleko informatikariak ere.  

Konfinamenduak irauten duen bitartean, ikasle horiei euren hezkuntzarako eskubidea bermatu diegu modu horretan. 

Kasu bietan, zein izan da herritarren erantzuna?

Jendeak izugarri eskertzen du deitzea, besterik ez bada ere, zer moduz dauden galdetzeko. Batzuetan euren beharrak asetuta daude inguruan badutelako laguntzen dien inor; beste batzuetan janaria edo botikak behar izaten dituzte, eta badaude astean bi-hiru aldiz dei bat eskertzen dutenak bakarrik daudelako edo beldurra dutelako.  

Ikasleen familiei dagokienez ere, euren seme-alaben heziketaz ari gara azken finean. Berdintasunean sinesten duen edonork ikus dezake hori. Hain oinarrizko tresnez ari garenez, ikastetxeak eskertuta eta gurasoak ere bai. 

Gutasuna, kolektiboa… behin eta berriz agertzen diren elementuak dira. 

Era honetako egoeretatik aterako bagara, izango da eskuhartze publikoari esker, baina baita ere komunitatearen ekimenari esker, eta horretarako, oso garrantzitsua da komunitate bakar sentitzea. Binomio horri esker egiteko gai garena erakusten ari gara, eta hemendik ateratzen garenean hori bizirik mantendu behar dugun zerbait da.

Alkate zaren neurrian, herritarren iritziak eta kezkak biltzea egokitzen zaizu. Zer esaten dizute herrikideek egun hauetan?

Kezka, beldurra, bakardadea dago… Askotariko egoerak jaso ditut. Baina txarrenari onena ateratzen badakigula ere ikusten da horrelako egoeretan, konpromisoa edota elkartasuna ere presente baitaude. Guztiok ari gara sekulako ariketa egiten egoera honetara egokitzeko, baina egia da honek mota askotako ajeak utziko dizkigula. Ez gara duela bi hilabeteko berdinak izango, eta ondo gogoetatu beharko dugu guzti honek pasako digun fakturaren inguruan.

Zein mezu nahiko zenike helarazi errenteriarrei edo euskal herritarrei, oro har?

Egun hauetan esan dut oso harro sentitzen naizela kolektiboki nola jokatzen ari garen ikusteaz, komunitate horretako kide bainaiz ni ere. Horrelako momentuak dira bereziki elkarrenganako hurbiltasuna adieraztekoak eta horixe jarriko nuke balioan.

Jaurlaritza Logoa