Zuzenean

Josu ODRIOZOLA
Elkarrizketa
DANI CAMACHO
MAKER-A

«Denon artean egunean 3.000 bisera baino gehiago ekoizten ditugu»

Koronabirusaren aurrean langileek dituzten babes elementuen beharra asetzeko Euskal Herrian ere sortu da «Maker» sarea 3D inprimagailuen bidez bakoitza bere etxean ari da sortzen babes materiala, eta horietako bat da Dani Camacho.

Audio_placeholder

«Denon artean egunean 3.000 bisera baino gehiago ekoizten ditugu»

Loading player...
Danik ekoitzitako biserak
Danik ekoitzitako biserak

3D Inprimagailu batekin ari zara lanean. Zer egiten duzu etxean?

Hobby bat bezala hasi zen guztia. Programatzen ikasiz eta neuretzako piezak eta eginez hasi nintzen. Orain ordea hori alde batera utzi eta Gipuzkoako osasun langileentzat maskarak ekoizten hasi naiz. Bisera batzuk egiten ditut langile horientzat.

Babes maskarak sortzen dituzu 3D inprimagailu baten bidez. Nola?

3Dko inprimagailuek ia edozer gauza ekoizteko gaitasuna daute. Dekorazioa, mugikorreko fundak, piezak... Orain Gipuzkoarako bereziki sortu den pieza bat ekoizten nabil, osasun lagileek aurpegi aldean babes gehiago izan dezaten. Modelo batzuk zehaztuta daude; Arabakoa eta Bizkaikoa berdinak dira adibidez, Gipuzkoakoa ezberdina da, ordea. Plantilla edo txantiloi bat deskargatu eta hor parametro batzuk aldatu behar dira norberaren inprimagailura moldatzeko, eta hortik aurrera ekoizpen prozesua hasten da.

Sare bat ere sortu duzue 3D inprimagailuekin ari zaretenok. Nola sortu duzue?

Izena «Koronabirus Makers» du sareak, ingelesetik dator. «Maker» bat 3D inpresorekin dabilen pertsona bat da eta hortik dator. Telegram bidez talde handiak egin dira; estatu mailako taldeak, autonomia erkidegokoak ere badaude, eta azkenik lurraldekakoak. Ni Gipuzkoakoaren barruan nago. Denok egokitu zaigun eskualdearen araberako modeloak ekoizten ditugu. Kontuan hartu behar da, ordea, ez direla biserak bakarrik egiten, arnas makinak eta era horretako gauzak ere egiten baitira. Kasu horretan konplexuagoa da ekoizpena, arnas makinek homologazio bat ere behar dutelako, baina bestela denok erabiltzen dugun lanerako protokoloa hori da.

Jende asko ari da animatzen, EAEn 1.600 pertsona inguru gara, Gipuzkoa mailan 280. Kontuan hartu behar da gainera jende batek inprimagailu bat baino gehiago duela. Nire kasuan inpresora bakarra daukat, eta egunean 10-12 bisera ekoizten ditut, bakoitza ekoizteko ia bi ordu behar ditut eta. Denon artean egunean 3.000 baino gehiago ekoizten ditugu. Orain arte 20.000 egin dira EAEn, Gipuzkoan 7.500 inguru. Osakidetzan, zaharren egoitzetan, farmazietan edo anbulantzietan erabiltzen dituzte gero.

Nola egiten duzue ekoitzitakoaren banaketa?

Erakunde asko daude hemen sartuta. Logistika kontuetan DYAk laguntzen du. Produkzioan enpresa pribatuak ere badira taldean, Maier eta Walter Pack adibidez. Automozio alorrean lan egiten duten enpresak dira eta modu industrialean ekoizten dute. Gipuzkoa mailan Irungo eta Oiartzungo Udalek ere laguntzen dute. Materialei dagokienez ere baditugu laguntza profesionalak, eta norbanakoek ere ematen dizkigute laguntzak.

Nola hasten da ekoizpen prozesua eta ekoitzitakoa nola iristen da langilearengana?

Pertsona bakoitzak Telegram taldera sartu behar du lehenbizi. Ondoren talde horretan inprimatu beharreko plantillak deskargatu eta produkzioari ekin. Ez dago ez ekoizpen kopuru minimo ez maximorik. Garrantzitsuena bakoitzak ahal duena ekoiztea da. Ekoitzitako piezak DYAk jasotzen ditu eta garrantzitsua da entregatu aurretik ura eta lejiarekin garbitzea eta desinfektatzea. DYAko langileak etxe ingurura etortzen dira ekoitzitako piezak jasotzera eta batzuetan, trukean jendeak dohaintzan emandako plastiko bobinak ematen dizkigute lanean jarraitu ahal izateko. Horren ostean Irunera ematen dituzte biserak montatzera. Han PVC-zko xafla batekin montatzen dituzte, eta horren ostean beharraren arabera banatzen dira leku ezberdinetara.

Norbaitek ekarpen bat egiterik nahi balu, zer egin beharko luke?

Hiru gauza garrantzitsu hemen. Aktiboki lagundu daiteke norberak bere 3D inprimagailua erabiliz. Baita donazioak eginez ere, eta eskariak ere jasotzen ditugu. Jende batek ere behar dituelako era honetako piezak. Gugana iristeko covideuskadi.net webgunean sartu behar da eta bertan aurkituko duzue informazio guztia. Donazioaren bat egin nahi bada ez da dirurik onartzen; baina PVC laminak, goma elastikoak, guanteak, metakrilatoa edo plastiko bobinak behar ditugu. Horretarako ere covideuskadi.net  webgunean aurkituko dituzue jarraibideak, baita eskariak egitekoak ere.

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet DYAri kudeaketa guztia egiteagatik, material dohaintzak egiten dituzten guztiei eta baita «Maker» sareko guztiei ere. Eta nola ez, baita osasun langileei ere.

Jaurlaritza Logoa