Zuzenean

Naiz Irratia

Urko Rodriguez (autobus gidaria): «Egunez egun aldatzen goaz zerbitzua, ikusten dugunaren arabera»

Funtsezko zerbitzu ote diren zalantza argitu gabe, momentuz lanean segitzen dute Donostia hiri barruko autobus gidariek. Hori bai, zeharo aldatu dute egoera normalean eskaintzen duten zerbitzua. ERTE baten mamua inguruan izanik ere, lanean ari dira modu batean edo bestean langile guztiak, segurtasun neurri gero eta zorrotzagoekin.    

Audio_placeholder

Urko Rodriguez (autobus gidaria): «Egunez egun aldatzen goaz zerbitzua, ikusten dugunaren arabera»

Loading player...
Donostiako autobus zerbitzua
Donostiako autobus zerbitzua

Eztabaida eragin du funtsezkoak ez diren lanak bertan-behera uzteko dekretuak. Autobus gidarien artean badute eztabaida hori, alegia, ba ote diren oinarrizko zerbitzu. Inork pentsa dezake herritarrak etxean konfinatuta baldin bagaude, ez dagoela inor garraiatzerik; baina Urko Rodriguez autobus gidariak azpimarratu du egon daitekeela kotxerik ez izan eta lanera joatea behar duenik; ospitaleetako langileak, esate baterako. 

Dena den, eskaintzen duten zerbitzua ez da ohikoa; kasik «egunero» aldaketak dituztela ere ziurtatu du, «ikusten dutenaren araberako» zerbitzua eskaintzen. Indarrak, batez ere, jende gehien pilatzen den uneetara bideratu dituzte. Horrek, langileen lanaren kudeaketa aldetik, lan izugarria eskatzen die: «Orain gidari pila bat gaude lan horiek kubritzeko. Kontuan izan behar da, Donostiako kasuan, gidari guztiek linea guztiak egiten ditugula txandaka. Astelehenetik ostiralera egiten ditugu bi linea ausaz. larunbatean beste bi linea eta igandean beste bi. Hori guztia jostea egiten ari diren modifikazio guztiekin benetako artelana da». Rodriguezek esan duenez, 400 bat gidari aritzen dira lanean ohiko zerbitzuan. 

Momentuz guztiak ari dira martxan; balizko ERTE baten mamua gainean izanik ere, enpresak, sindikatuekin hitz egin ostean, proposamen alternatiboak mahai-gaineratu dituztela esplikatu du: «Gauza estutuz zihoala ikusirik, oporrak hartzeko aukera eskaini ziguten edo baimenak hartzekoa. Bada lanean segitzea erabaki duenik ere». Bere kasuan, soldatarik gabeko baimena hartzea erabaki zuela azaldu du, maiatzaren 1era arte. Aitortu du, dena den, aukera horiek mesede egiten diotela enpresari, izan ere, zenbat eta langile gutxiago izan aktiboan, orduan eta errezagoa egiten zaie eguneroko puzzlea osatzea. Txanpon horrek badu beste alde bat, ordea, Rodriguezek nabarmendu duenez: «Zenbat eta langile gutxiago egon, geroz eta gutxiago botako dituzte kalera». Gainera, bere kasuan, aita du etxean, eta lanetik itzultzen bakoitzean «kezkatuta» itzultzen zela azpimarratu du, «kutsatuko» ote zuenaren beldurrez. 

Kutsatzeak saihesteko, hain zuzen, zenbait neurri hartu dira egunen joan-etorrian. Batzuk ez dute polemika saihesterik izan; bidaiari baten eta bestearen arteko metro eta erdiko distantzia mantentzearena, kasu. Rodriguezek behin gertatutakoa kontatu du: «Egun batean nire goikoek ohartarazi zidaten lau bidaiari elkarrekin zihoazela eserita, bi aulki parez pare joaten diren horretan. Mesedez euren artean banatzeko agindu zidaten, eta hala egin nuen. Kameretatik ikusi zuten guztia». Horren ondotik etorri dira neurri zorrotzagoak, aulkietan non eseri daitekeen eta non ez diotenak, adibidez. Autobusen edukiera ere herenera murriztuta dutela esplikatu du Rodriguezek.

Bidaiariei hasieran neurriak onartzea «kosta» egin zitzaiela azaldu du, baina denborak aurrera egin ahala, oro har, «guztiek barnetu dituzte segurtasun neurriak». Gidarien artean ere badago erosoago sentitzen denik ere, besteak beste, «trafiko gutxirekin gidatu eta dirua ez dutelako maneiatzen».  

 

Jaurlaritza Logoa