Zuzenean

Naiz Irratia

Babes maskarak, etxetik behar dituztenen eskura

Jakina da babeserako material falta handia egon dela azken asteetan; horri erantzunez, dozenaka dira Euskal Herrian lanean dabiltzan bolondresak inork babes materialaren faltarik izan ez dezan. Horietako bat da Alaitz Aizpurua usurbildarra. Naiz Irratian berarekin hitz egin dugu nola ari den ezagutzeko.   

Audio_placeholder

Babes maskarak, etxetik behar dituztenen eskura

Loading player...
Alaitz Aizpurua, bolondresa
Alaitz Aizpurua, bolondresa

Jostea afizio du Alaitz Aizpurua usurbildarrak. Beti izan zuen gogo bati erantzunez, joskintza ikastaro bat egin zuen duela pare bat urte, eta konfinamenduko garaiotan ederki ari zaio zukua ateratzen ikasitako horri: Josteko makina martxan jarri, eta hain beharrezkoak diren babes maskarak egiten ari da bere etxean. Han eta hemen ikusitako deialdiei helduz, eta etxean oihalak zituela aprobetxatuta, ez zuen zalantzarik egin krisialdi honetan bere aletxoa jartzeko. 

Hasiera baten bere kabuz hasi zen maskarilak egiten, sarean ikusitako jarraibideak hartuta. Afrikatik ekarritako oihal koloretsuekin egiten ditu hauek, eta inguruan «arrakasta» izan dutela ziurtatu du. Hortik gutxira, ordea, DYAk antolatutako sarearen berri izan zuen bere lagun baten bitartez; segituen eman zuen «baiezkoa», eta bere kasuan, lagun honen bitartez iristen zaizkio maskarilak egiteko patroia, baita materiala ere (gomak, oihalak...). Amaitutakoan, DYAk osasungintzako profesionalen edota erabiltzaileen artean banatzen dituzte. 

Sare horretan hainbat lagun ari dira lanean, nahiz eta, Aizpuruak aitortu duen ez dakila esaten zenbat. «Enigma» puntu bat ere baduela dio: «Badakit jende asko dabilela; baina ez dakit esaten ze dimentsiotako sarea den». Egun batean oihalak moztu, hurrengoan josi... bi egunetan 18 maskarila egitera irits daiteke Aizpurua. Berak bere kabuz egiten dituenak aldiz lan gehixeago dutela azpimarratu du: «Itxiagoak dira, aurpegi aldea hobeto estaltzen dutela esango nuke». 

Jakina da babeserako materialaren faltan, dozenaka izan direla Euskal Herrian boluntarioki esku bat botatzen ari direnak. Joste dakien inor egongo balitz, Aizpuruak esan du DYArekin harremanetan jarriz gero materiala eskuratu eta laguntzeko aukera badagoela.  

Jaurlaritza Logoa