Zuzenean

JOSU ODRIOZOLA

Mireia Olariaga: «Bezeroei lasaitasuna erakustea da gakoetako bat»

Larrialdi egoeran gauden honetan, beste batzuen artean ezinbesteko langile bilakatu dira denda eta supermerkatuetako kutxazainak. Etengabeko kontaktua dute herritarrekin eta horrek Covid-19az kutsatzeko pertsona arriskutsuen artean jartzen ditu. Mireia Olariaga da horietako bat.

Audio_placeholder

Mireia Olariaga: «Bezeroei lasaitasuna erakustea da gakoetako bat»

Loading player...
Arrasateko Eroski.
Arrasateko Eroski.

Denda eta supermerkatuetako langileak ezinbesteko langile horietako batzuk dira. Egoera zailak bizitzen ari dira egunotan, eta gainera koronabirusaz kutsatzeko arriskua oso gertutik bizi dute. Mireia Olariagak Eroski denda batean egiten du lan kutxazain moduan. Informazioaren Harian azaldu du kezkatuta badagoela, baina badakiela uneotan oso paper garrantzitsua duela gizartean. 

«Gure mugetatik gora ari gara lanean, baina ondo doa». Olariagak azaldu du normaltasunez ari direla lanean. Gora beherak ditu animo aldetik, baina pozik dago herritarrei laguntzen dielako. Saltokian ere neurri batzuk hartu dituzte babeserako; hala nola distantzia bereziak kaxan, arraindegian, harategian, ileretan... Egoeragatik, une askotan langileak baino erosleak sentitzen dira urduri eta agobiatuta. Horiei laguntzea da gakoetako bat Olariagaren hitzetan, «jendea oso urduri dagoela ikusten dugunean, haiek lasaitzen saiatzen gara». 

Lanetik kanpo deskantsatzea edo lo egitea ere kostatzen ari zaiola onartu du Olariagak, ez dakielako erostera etortzen den herritar bakoitza non egon den aurretik. «Bi astez oso gertuko harremana izan dugu herritarrekin». Orain, ordea, babes neurriak jarri dizkietela adierazi du; besteak beste eskularruak, betaurrekoak, pantaila bereziak edo itxiturak.

«Garrantzitsua da geu ondo gaudela erakustea, erosleak ere lasai sentitu daitezen». Olariagak gaineratu du konfinamendua ezarri zen unetik jarri dituztela mugak saltokietan, baina  jendeari gauzak ahaztu egiten zitzaizkiola.  Hala ere, oraindik behintzat ez omen dago kasu positiborik langileen artean eta hori garrantzitsua iruditzen zaio. Orain neurriekin lasaiago lan egin dezaketela adierazi du, «kontaktua ekidin egiten dugu». 

Hala ere ba omen da egunero dendara joaten ari denik, «hori egiten dutenek oraindik ez dute kasurik gertutik bizi izan». Herritarrak arriskuan jartzean gain, Olariagak gogoratu du euren buruak ere arriskuan jartzen ari direla.

Konfinamendu egoera honek luzerako jo dezake. Lasaitasunerako deia egin die, ordea, Mireia Olarigak herritarrei. «Gu han egongo gara. Lasaitasunez har dezala jendeak eta errespetuz eta elkar lagunduz aterako gara aurrera».

Jaurlaritza Logoa