Josu ODRIOZOLA

Hamaika Telebistak hamaika urte, irudi eta asmo berriak

Hamaika urte bete ditu Hamaika Telebistak eta irudi berriarekin eta itxura berriarekin aurkezteko asmoa zuen lan-taldeak. Koronabirusak eta konfinamenduak eraginda, ordea, aurkezpena bertan behera utzi behar izan dute. Kontuak kontu, Hamaika Telebistak aurten ekarriko dituen berrikuntzak azaldu ditu Ekhiñe Atorrasagastik Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Hamaika Telebistak hamaika urte, irudi eta asmo berriak

Loading player...
Hamaikak 11 urte
Hamaikak 11 urte

Berrogeialdiak eta konfinamenduak bete betean harrapatu ditu Hamaika Telebistako lankideak ere. Edozein komunikabidek egiten duen lana etxetik egiteak zailtasunak ditu, baina telebista egiteak oztopo gehigarriak ditu. Ekhiñe Atorrasagasti Hamaika Telebistako eduki zuzendariak egoerak sortu dien erronka nabarmendu du NAIZ Irratian, «kontrol gunetik urrun izanda emisioa osorik mantentzea sekulako lorpena izan da». Atorrasagastik azaldu du pozik daudela horrekin, eta gainera martxan zituzten saioei eutsi soilik ez, saio berriak ekoiztera ere iritsi direla.

Irudi berritua

Urteurrenarekin batera, Atorrasagastik azaldu du irudi berriaren aurkezpena egin asmo zutela. Baina konfinamendu egoerak hankaz gora jarri die asmo hori. Hala ere, irudi aldaketarekin aurrera egitea erabaki dute eta dagoeneko ikus daiteke Hamaika Telebistaren profil edo webguneetan. Spot bat ere ekoitzi dute horretarako.«Ekitaldi protokolarioago bat aurrerago egingo dugu». Gaineratu du Hamaika telebistaren asmoa jauzi kualitatibo bat eman eta garai berrietara egokitzea dela.

Ikus-entzunezko lehiaketa eta Hamaika foroa

Ikus-entzunezkoak bolo-bolo dabiltzan honetan, Atorrasagastik adierazi du Hamaika telebistak lehiaketa bat jarri nahi duela abian, ikus-entzunezko sektoreko beste sorkuntza guneak indartzeko. «Sortzaile berriei ate bat ireki nahi diegu, telebistarekin zubi bat irekitzeko asmoz». Gaineratu du plataforma ezberdinek eta telebistak nolabaiteko erreminta bat izatea dela ekimenaren helburuetako bat. Berrikuntzen artean, ordea, mugarrietako bat Hamaika foroa izango dela argitu gu Ekhiñe Atorrasagastik. «Debaterako erreferentziazko gune bat aurkeztu nahi genuke». Ekarpen bat egiteko bidea da foroa bere ustez, eta saio bat aurreikusten du udazkenari begira.

Hamaika sariak

Ospàkizun bat ere beharrezkoa dela uste du Atorrasagastik. Horregatik eta berrikuntzen artean, Hamaika Sariak antolatzeko asmoa dutela jakinarazi du. «Gala bat egitea da asmoa, udazkenean. Umore ukituarekin, jai giroarekin eta ahalik eta partaidetza zabalenarekin». Ikus-entzunezkoen esparru zabal honetan, sariak nori eman erabakitzea ere ez da lan erraza izango bere hitzetan.

Jendearengana gerturatzea da Hamaika Telebistaren urteko beste helburuetako bat. Horregatik saio berri bat iragarri du Hamaika Telebistako eduki zuzendariak: Hamaika Tokitan saioa. «Egutegi bat badugu, momentu eta toki esanguratsuetara gerturatzeko asmoz». Helburua herritarrengandik gertu egotea dela gaineratu du.

Aurrera begira, urte zaila aurreikusten du Atorrasagastik. «Denok jarri beharko dugu gure alea, indarguneak eta ahulguneak kontuan hartuta. Indarrez gaude, gogotsu, baina ahalegina neurtzeko garaia da».