Zuzenean

Naiz Irratia

Maribel Alberdi (jangela bateko langilea): «Ziurgabetasun handia dago; ez dakigu noiz bueltatu ahal izango garen»

Eskola publiko batean jangelako zerbitzuan egiten du lana Maribel Alberdik, haurrez inguratuta. Pasa den martxoaren 13an koronabirusagatik hezkuntza zentru guztiak ixtearekin batera, bera ere etxean geratu zen; Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea aplikatu diete. 

Audio_placeholder

Maribel Alberdi (jangela bateko langilea): «Ziurgabetasun handia dago; ez dakigu noiz bueltatu ahal izango garen»

Loading player...

Itxialdia «lasaitunez» hartu duen arren, kezkari ezin eutsirik dabil Maribel Alberdi. Eskola publiko batean jangelako zerbitzuan egiten du lan, eta ikasleak bezala, bera ere etxean da pasa den martxoaren 13tik. Izan ere, koronabirusa medio, EAEko hezkuntza zentro guztiak ixtea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.

Alberdik azaldu du lehen egunetik ERTE (Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea) bat aplikatu zietela, baita modu bitxian izan zutela horren berri ere: «Oso aldrebesa izan zen egoera guztia. Itxieraren albistea prentsaren bitartez jakin genuen, eta guztiak urduritu egin ginen. Ez genekien zer suposatuko zuen horrek guztiak, gure ikuskatzaileak deitu zigun arte. Esan zigun ERTEa aplikatuko zigutela, baina esplikazio handirik gabe».

Hasiera batean hori aplikatzeak zer zekarren ere ez zekitela aitortu digu jangelako langile honek; nolanahi ere, gerora jakin dute epe baterako lanik gabe geratuko direla eta langabeziara joango direla. Honek kezka eragin zien hasiera batean, gehiengoak aldizkako kontrako finkoa baitu, hots, ikasturteak irauten duen bitartekoa; azken egunetan argitu da ERTEak iraun bitartean langabeziaren prestazioa jasotzeko eskubidea izango dutela, horrek udaran jasotzen duten prestazioan kalterik eragin gabe. Halaber, krisialdi hau emaitzen denean euren lanpostuetara itzultzeko aukera izango lukete, nahiz eta, Alberdik ziurtatu digunez, gaur gaurkoz ez dien inork halakorik konfirmatu. Ildo horretan, gogoratu du eurak azpikontratatutako enpresa bateko langileak direla, eta askotan ez zaiela informazio apurrik ere iristen.   

Euren sektorea, jatorrian, nahiko prekarioa eta baldintza kaskarrekoa izanik, egoera honek are eta gehiago konplikatu duela azaldu du Alberdik. «Sistema hau eraikia dagoen moduan, zaintza lanak emakumeengan erortzen dira hein handi batean; gure lanean %90a baino gehiago gara emakumeak. Kolpe handia da guretzat. Are eta gehiago ez dakizunean noiz bueltatuko zaren». Kezka zabaltzen hasia dago euren artean ikasturte honetan akaso ez direla bueltatuko. «Ziurgabetasun handia dago». 

Pertsonak lehentasun

Krisi honek eragin duen sektore kolpatuenetakoa izanik ere, Alberdik ez du begi onez ikusten oraindik ere enpresetako jarduna erabat eten ez izana: «Argi geratzen ari da sistema Kapitalista batean gaudela eta hemen kapitalak agintzen duela. Behingoz pertsonak eta euren bizitzak aurretik jarri beharko lituzkete».

Alberdik enpresa pribatu batentzat egiten du lan, horrek, aldi berean, sektore publikoan ematen duelarik zerbitzu; lan baldintzak Eusko Jaurlaritzak jartzen dizkietela nabarmendu du jangelako langile honek, baina aldiz, horrelako egoeretan, ez dituzte langile publikoen baldintza berdinak. «Lehenak gara kalteak sufritzen, lehenak gara kalera joaten». Ildo horretan, lan baldintzen parekatzea exijitu du irtenbide gisa.   

 

Jaurlaritza Logoa