Zuzenean

Ion T. BARRENA

NAIZ Irratiaren eskaintza berria, koronabirusa elkarrekin gainditzeko

Goizeko eta asteburuko Informazioaren Hariak berreskuratuko ditu aste honetan NAIZ Irratiak. Gainera, etxetik etxera ekoitzitako tertulia bereziak eskainiko ditu, zuzeneko emanaldiak eta ipuinei tarte berezia egingo die arratsaldero. Zazpi egunez, goizean goizetik gauera, egun zail hauek elkarrekin igarotzeko proposamena dakar irratiak.

Etxetik ari da lanean NAIZ Irratiko lan talde osoa.
Etxetik ari da lanean NAIZ Irratiko lan talde osoa.

Berrogeialdian dago NAIZ Irratia pasa den astetik, lankide batek sukarra izan ostean, osasuna lehenetsi eta lan talde osoa etxetik aritzea erabaki ostean. Ohiko programazioa mantentzea ezinezko egin du horrek eta lan taldeko hainbat kideren zaintza betebeharrek, baina aste honetan eskaintza indartzeko bidean pauso berria emango du irratiak.

Astelehenetik igandera, goizean goizetik gauera, konpainia atsegina egingo duen irrati eskaintza osatu du irratiko lan taldeak. Helburuak, herritarrei informazioa eta entretenimentua eskaintzea, egoera zail hau elkarrekin gainditzeko.

Informazioaren Hariaren lehen edizioa (7.00 - 10.00) berreskuratuko du NAIZ Irratiak astelehenetik bertatik eta larunbatean eta igandean Asteburuko Haria (8.00 - 12.00) itzuliko da. Hauek marraztuko dute irratiaren eskaintza informatibo nagusia.

10.00etatik aurrera Iker Gurrutxagak gidatzen duen Musikharia (10.00 -12.00) saioaren tartea izango da, egoerara moldaturik hau ere, etxetik etxera, musika eskaintzaz gain musikariei eurei ere hitza emanez.

15.00etan euskal musikarien fonoteka kuttunetik abiatutako Beste bat saioak izango dira eta 22.00tatik aurrera saio espezializatuak: Reggae Fever, Sateliteak, Revolutionary Grooves...

16.00etatik aurrera atal berezi bat berreskuratuko du irratiak, 100 ipuin. Joxemari Carrere, Bea Egizabal, Doro Zobaran, Ixabel Millet eta Itziar Rekalderen eskutik adin guztietako pertsonentzat eskaintza berezia da. Egunero ipuin bat, arratsalde hasierak goxatzeko.

Tertulia bereziak, Arrosa eta asteburuak

17.00tatik aurrera eskainiko dira aurrerantzean Arrosa irrati sareko irratiek ekoitzitako saioak.

Goizetik gauera ia etenik gabe irrati eskaintza atsegina osatzea du helburu programazio berriak. Hartara, gainerako orduetan lan taldeak ekoitzitako tertulia eta elkarrizketa bereziak eskainiko ditu NAIZ Irratiak. Koronabirusaren eraginez kirolariak nola ari diren moldatzen ezagutuko dugu tarte hauetan, kulturgileek nola moldatu duten euren jarduna, hemengo eta hango herritarren bizipenak...

Heldu den larunbatean, berriz, Asteburuko Haria itzuliko da uhinetara, 8.00etatik 12.00tara. Gainera, Emen Gonak, Bilyntx edo Etxeko uzta ere normaltasunez itzuliko dira programazio parrillara.

NAIZ Irratiaren eduki denak zuzenean ez ezik, irratia.naiz.eus-en eta ohiko podcast plataformetan entzun ditzakezue.

Jaurlaritza Logoa