Zuzenean

NAIZ IRRATIA

Pilotari, dendari eta sagardogile bana, koronabirusaren aurrean

COVID19aren inguruko datu jarioa etengabekoa da. Naiz irratian zenbakiei ahotsa jarri nahi izan diegu. Hiru testigantza jaso ditugu: Iñaki Artola pilotariak bere bizimodu «berriaren» gakoak eta erronkak azaldu dizkigu. Josunek, Lezamako bere janari dendatik herritarren kezken zurrumurrua gerturatu digu. Eta azkenik Nere Lizeaga Sagardogileak, txotx denboraldia bertan bera uzteko erabakiaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Audio_placeholder

Pilotari, dendari eta sagardogile bana, koronabirusaren aurrean

Loading player...

Koronabirusa dela eta bizitza publiko eta ofiziala stand by egoeran dagoela baieztatzea ez da inolako astakeria. Etengabekoa da bertan behera gelditu diren ekitaldi eta ekimenen jarioa. Eta zenbakiak, etengabe aldatzen ari diren zenbaki kopuruak, hitzetik hortzera darabilzkigu. Zenbaki horiek, ordea, badute izen bat, ahots bat eta baita mila sentipen ere atzean. Zenbaki zurrunbilo horretatik, hiru aukeratu ditugu.

Alde batetik Iñaki Artola pilotariak kontatu digu pilota partidak geratu izanak nola eragin dion bere egunerokoan. Izan ere, partidak bertan behera geratzeaz gain entreenatzeko modua ere erabat aldatu behar izan du. Lehen taldean egiten zuena orain bakarka, eta beste medio batzutan eginbehar du: esate batera kiroldegi eta gimnasioak alde batera utzi eta mendi aldera joaz.

Lezaman du Josunek bere janari denda. Larrialdi egoera ezarrita, azkar hatzeman du bere bezeroak gehien larritzen dituena zer den: komuneko papera da egun hotan eskari gehien duen produktua. Herritarrekin harreman zuzena eta gertukoa du lezamako dendariak eta kezka eta urduritasuna sumatzen ditu bere bizilagun artean.

Azkenik, gaur jakin dugu sagardotegi denboraldiak ere 15 eguneko etenaldia iragarri duela. Ez da erabaki erraza izan, Nere Lizeaga sagardogileak adierazi duenez. Kalte ekonomikoa latza izango da, baina ez dute zalantzarik izan erabakia hartzerako orduan: guztion osasuna da lehentasuna.

Jaurlaritza Logoa