Zuzenean

NAIZ IRRATIA

Ipar Euskal Herriko Udal hauteskundeez jakin beharrekoak

Igandean izango da Ipar Euskal Herriko Udal hauteskundeetako lehen itzulia. Goizeder Taberna (Mediabask) eta Maite Ubiriarekin (GARA-NAIZ) aztertu dugu kanpaina bera, hauteskunde sistema, abertzaleen aukerak, eztabaida nagusiak eta Elkargoaren osaketa berria, besteak beste. 

Audio_placeholder

Ipar Euskal Herriko Udal hauteskundeez jakin beharrekoak

Loading player...
Aurreko hauteskunde batzuetako une bat. (Isabelle Miquelestorena)
Aurreko hauteskunde batzuetako une bat. (Isabelle Miquelestorena)

Hitzordu bikoitza dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrek hurrengo bi astetan. Udal hauteskundeen lehen itzulia pasako da igande honetan eta bigarrena martxoaren 22an. 

Goizeder Taberna (Mediabask) eta Maite Ubiria (GARA-NAIZ) izan dira NAIZ Irratian hitzordu honen gakoak argitzen. 

Egutegiari dagokionez, hurrengo bi igandetan izango dira hauteskundeak. Udalbatzak ez ezik, Herri Elkargoaren osaera berria ere marraztuko dute hauteskunde hauek. Bi itzuliak iraganda, martxoaren 22tik 29rako tartea irekiko da udal berrien osaketarako. Tarte horretan erabakiko dira Elkargoko ordezkariak ere. Apirilaren 18an izango da euskal instituzioaren lehen osoko bilkura eta bertan hautatuko dute elkargoko lehendakaria, gaur-gaurkoz Jean-Rene Etchegarayk duen kargua. 

Elkargoaren osaera ez da zuzenean hautatzen hauteskundeetan, udal kontseilariek erabakiko dute euren ordezkaritza euskal instituzioan, beraz «hirugarren itzuli moduko bat» egongo da 22aren ostean Elkargoaren osaketarako. 

Bi itzuliko sistema da Ipar Euskal Herrikoa, lehen itzulian gehiengo absolutua lortzen duen hautagaiak berea du kargua, gehiengo hori izan ezean bigarren itzulian erabakitzen da udalbatzaren osaera. Gehiengoen sistema da, proportzionalitatearen kaltetan. Ubiria eta Tabernarekin aztertu ditugu sistema honen aldeko eta kontrako faktoreak. 

Zerrendak ez dira gehiago alderdiei lotuak, ez dira ageri, behintzat, alderdien izenak horietan. Azken urteetan gai honek izan duen garapena eta honen arrazoiak aztertu ditugu. 

Abertzaleek eta hauen agendak aurrerapauso nabarmena eman dute azken urteetan. Aztertu dugu Etchegaray konponbidean izan duen protagonismoak zer eragin izan dezakeen hauteskunde hauetan, historikoki abertzaleek defendatutako auziek zer pisu duten kanpainan eta espres, euskararen inguruan kanpainan zehar esan direnak. 

Jaurlaritza Logoa