Zuzenean

Amaia Zurutuza | Ion T. Barrena

M8 osteko aje gozoan, mugimendu feminista antolakuntzari begira

Jendetza irten da kalera aurtengo martxoaren 8an ere. Mobilizazio arrakastatsuaren aje gozoarekin, NAIZ Irratian izan dira herrialdez herrialde antolaketa lanetan aritu diren mugimendu feministako kideak. Denek ere erronka bera nabarmendu dute: kalera irten diren milaka emakume horiek antolatzea eta saretzea.

Audio_placeholder

M8 osteko aje gozoan, mugimendu feminista antolakuntzari begira

Loading player...
Martxoaren 8ko mobilizazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Martxoaren 8ko mobilizazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Oso pozik», «izugarria izan da», «harro eta berrindartuta», «kriston indarrarekin atera gara», «biziki pozik eta motibatuak». Martxoaren 8 biharamunean antolaketa lanean aritu diren mugimendu feministako kideen hitzak dira, aje gozoarekin baloratu dituzte NAIZ Irratian atzokoak utzitakoak.

Donostiako Kontxi Rebollo eta Carmen Altuna, Bilboko Naia Torrealdai, Gasteizko Aitziber Romero, Iruñeko Paula Garcia eta Ipar Euskal Herrian antolaketa lanetan aritu den Jenofa Berhokoirigoinekin hitz egin dugu. Guztiek nabarmendu dute atzo kalera ateratako indarra nolabait antolatu eta saretzeko beharra, eta azpimarratu dute mobilizazioetan neska oso gazteak lehen lerroan jarri direla.

Kontxi Rebollo: «70 urte ditut eta aldaketa izugarria izaten ari da; gure adineko emakumeok pasa ditugu urte batzuk martxoaren 8 pixkat epel batekin». Bere inguruan ere eman zuen zer esana jende gaztearen parte hartzeak, «esto es como una ducha de gente joven» aipatzen omen zuten, «zenbat emakume gazte! Indarra, alaitsuak... oso polita izan da».

Gazteenen protagonismoa gainerako hiriburuetan ere antzeman zen. Bilbon, adibidez, «neska gazteen presentzia gero eta handiagoa da, lehen lerroa hartzen ari dira, bai mobilizazioetan eta baita antolakuntzan ere», Naia Torrealdairen esanetan.

Martxoaren 8aren biharamuneko hausnarketa nagusia antolaketari loturik dator, «kalera ateratzen diren emakume horiek guztiak antolatuta egotea dugu helburu», Aitziber Romeroren esanetan. Bide beretik Paula Garcia iruindarra ere, «feminismoa zuritu nahi duten horiei guztiei esaten diegu ezetz, gu antolatuak garela eta hau mugimendu politiko bat ere badela eta horretarako behar dugu emakume guztiak antolatzea auzoko edo herriko kolektibo feministetan».

Ipar Euskal Herriko antolaketa lanetan aritu da Jenofa Berhokoirigoin. Atzoko mobilizazioaren ostean asanblea feministaren batzarra egin zuten Baionan, «aho batez sentitu da elkarrekin lanean aritzeko eta gogoetatzeko nahia». Hegoaldean orain hiru urte deitu zen grebaren harira sortu zuten asanblada hori eta garapen handia izan duela nabarmendu du, «urte osoan lan egiteko gogoa dago, aurtengo lemari segiz, ‘Ipar Euskal Herria feminismotik saretu’, kontzientzia feminista garatzeko gogoa badugu».

«Zuritze morea»

«Zuritze morea» aipatu dute denek gaurko balorazioan, «kokoteraino gaude, hitz politak baina baina ekintza oso itsusiak» ikusten dituzte hainbat instituzioen aldetik, Kontxi Rebollok dioenez. Gasteizko kasua aipatu du Romerok, «atzo ere salatu genuen Udalaren jarrera ez dela ari izaten espero genuena, «Sorginenea ireki zuten eta berehala aurrekontua murriztu zuten, balkonadaren erabilera ere debekatu ziguten; arrazoi asko ditugu Udalaren aurrean jartzeko eta esateko ez dugula zuriketa morerik onartuko». Hari honi segika Carmen donostiarra, «elkarlan bat sortu nahiko genuke, badakigu Donostian, adibidez, udaletxea behar dugula, baina etsaitzat hartzen gaituzte; barneratu behar dute aldaketaren parte garela eta gauzak aldatu egin behar direla; erakundeak gurekin behar ditugu eta ez daude».

Jaurlaritza Logoa