9.000 sinadura inguru, Iruñeko udal haur eskolak euskalduntzearen alde

Iruñeko udal haur eskolak euskalduntzearen aldeko 8.450 sinadura erregistratu dituzte asteazken honetan Iruñeko Kondestable jauregian dagoen Erregistro Ofizialean. Haur eskolak euskalduntzeko duten nahia azpimarratu dute ekintza honen bidez. Naiz Irratian izan da Uxue Alonso, haur eskoletako hezitzailea eta LABeko ordezkaria.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/03/04
Escuelas
Entrega en el Registro de Iruñea de las cerca de 9.000 firmas a favor de las escuelas infantiles en euskara en la ciudad. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Change.org atariaren eta aurrezko aurreko sinaduren bitartez, 8.450 lagunen sostengua duen sinadura-bilketa gauzatu dute Iruñeko udal haur eskolak euskalduntzearen alde dauden kideek. Horietako kide bat da Uxue Alonso, hezitzailea eta Iruñeko haur eskoletako LABeko ordezkaria. Naiz Irratian azaldu du hiru astetan zehar gauzatu duten kanpaina izan dela, eta herritarren sinadurak jasotzeaz gain, 60 hezitzaileren eta 312 gurasoen sinadurak ere eskuratu dituztela.

Oinarri pedagokikoetan oinarrituta, Alonsok azaldu du Navarra Sumak haur eskoletan euskaraz ez aritzeko irekia duen bidearen aurka egitea duela helburu ekimen honek. «Hezkuntza edo etapa guztietan, euskaraz ikasteko eskubidea da aldarrikatzen duguna». Alonsok zehaztu du 0-3 urte arteko etapa izan dela orain arte «erasotuena», eta horregatik erabaki zutela elkartu eta kanpaina honi ekitea.  

Alonsok esplikatu du hamar haur eskola daudela une honetan Iruñean; horietako lau euskaraz izatea lortu zutela argitu du, baina gehitu du, orain Navarra Sumak bi gaztelerara itzularazi nahi dituela. «Horrek zailtasun handiak ekarriko dizkie euren haurrak euskaraz matrikulatu nahi dituzten gurasoei, aukera gutxi egongo baita», azaldu du. Halaber, langileengan ere «ziurgabetasun» egoera ere areagotuko duela nabarmendu du: «Ez dakigu zer gertatuko den gurekin; egoneza handia da langile, zuzendari eta gurasoen aldetik».

Navarra Suma «euskarafobia» zabaltzen ari dela azpimarratu du Alonsok; haur eskolak gaztelerara itzularazteko epai judizial batean oinarritzen ari direla dio, baina ez dutela aintzat hartzen Nafarroako gizarteak eskatzen duena. Izan ere, hau ez da euskararen kontra egungo udal gobernuak egin duen eraso bakarra; hor dira euskarazko hedabideei publizitatea erretiratu izana edota euskararen ordenantza atzera bota izana. Alonsok uste du «euskararen kontrako estrategi politiko» baten barruan kokatzen direla eraso horiek guztiak: «Politika linguistiko oso atzerakoia ari dira ematen aurrera».

Alonsok kontatu du hilabete daramatela langile moduan Udalarekin bildu nahian, baina momentuz entzungor egin dietela euren bilera-eskaerei. Nolanahi ere, «baikorrak» dira etorkizunarekin. Mugimendu sozial handia dagoela nabarmendu du Alonsok, eta erasoak egonda ere, euren aldarrikapenak hor egongo direla argitu du. 

Bihar mobilizaziorako deia

Bihar elkarretaratzea egingo dute Udaletxeko plazan, 18:30etan, udal plenoaren bilkura baitago. Hain juxtu, pleno horretan, euskara duten haur eskoletan rebersiorik ez egoteko mozioa landuko dute. 

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia