Zuzenean

NAIZ IRRATIA
GASTEIZ

Espainiako Gobernuaren traba berriak, Martin Villak Serviniren aurrean deklaratzea oztopatzeko

Martxoaren 20an da deklarazioa hartzekoa Rodolfo Martin Villari Maria Servini epaile argentinarra, baina Espainiako Gobernua traba berriak jartzen ari dela salatu du NAIZ Irratian Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak.

Audio_placeholder

Espainiako Gobernuaren traba berriak, Martin Villak Serviniren aurrean deklaratzea oztopatzeko

Loading player...
Martxoak 3 elkartearen elkarretaratzea, Martin Villaren inpunitatearen aurka. (Juanan RUIZ/FOKU)
Martxoak 3 elkartearen elkarretaratzea, Martin Villaren inpunitatearen aurka. (Juanan RUIZ/FOKU)

Deklaratuko al du Rodolfo Martin Villak Maria Servini epaile argentinarraren aurrean martxoaren 20an? Zalantza agertu du NAIZ Irratian Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak, «traba burokratiko berriak» jartzen ari baita Espainiako Gobernua, bere esanetan.

Martinezek azaldu du Espainiako agintariek Argentinako epaitegiei deklarazio hartzea posible egiteko beste bide bat jarraitzeko eskaria egin dietela, eskari propio bat bidaltzekoa. Prozedura berri horrek Martin Villaren deklarazio hartzea bertan behera utz dezakeela uste du Martxoak 3 elkarteak, «epaitegiz epaitegi pasako da eta azkenean erantzuna orain arteko berbera izango da, edo krimenak preskribatu egin direla edo amnistiatuak egongo liratekela 78ko amnistiagatik» Martinezek azpimarratu du euren ustetan «edozein legediren aurretik nazioarteko legedia dagoela» eta hauek garbi uzten dutela gizateriaren aurkako krimenak ez direla preskribatzen eta ezin direla amnistiatu.

«Borondate politiko hutsa» dela uste du, «eskaera eginda dago Argentinako epaitegietatik eta nahikoa litzateke komunikazio ofizial bat esanez, ‘bai, etorri eta hartu deklarazioa'». PSOE eta Unidas Podemosek osatu duten gobernuari hitzetatik ekintzetara igarotzeko deia egin die Martinezek.

Abenduan zen deklaratzekoa Franco garaian Barne ministro izandakoa, baina atzeratu egin zen orduan zitazioa martxoaren 20ra. Orduan atzerapenagatik kezka eta kexua agertu zuen Gasteizko sarraskia gogoratzeko lanean ari den elkarteak, baina «aukera izugarri ona» zela ere iritzi zion, deklarazio hori hartuko balitz aurrera pauso garrantzitsua izango bailitzateke euren helburu nagusietako bat lortzeko, Martin Villa gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzea.

«Espainiar Estatuak bere inpunitate ereduarekin jarraitzen du»

Martinezen ustetan Espainiako Estatuak «bere inpunitate ereduarekin jarraitzen du» eta «ez da egon egiazko hausturarik aurreko erregimenarekin».

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak hil zuenetako bat bere osaba zen eta azken urteetan izandako oztopoak eta aurreratutakoak gogoratu ditu. «Nire aiton-amonak hil zirenean komunikabideetako egia zen euren semea terrorista zela, baina azken urteetan benetako memoria horrek, herritarren egia horrek aurrera egin du».

Martinezen esanetan, «Gasteizen eta Euskal Herrian inork ez luke ukatuko hura sarraski bat izan zela eta langileak euren eskubideen alde ari zirela borrokan». Horrek «lasaitasun apur bat» eta aurrera begirako esperantza ematen dizkiotela nabarmendu du.

Gaurko eguna «haien aldarrikapenak gogoratzeko» eguna ere badela nabarmendu nahi izan du: «Askotan garrantzia asko ematen diegu biktimei eta ahazten dugu zergatik hil zituzten, garrantzitsua da gogoratzea zer aldarrikatzen ari ziren, euren borrokak gaur egunera ekarri behar ditugu eta borrokatzen jarraitu behar dugu».

Jaurlaritza Logoa