Zuzenean

Naiz Irratia

Errigoraren kanpaina berriaz ekoizle eta boluntarioekin

Errigorak kanpaina berria aurkeztu du. Txaber Larreategi herri ekimeneko kidea da eta NAIZ Irratian nabarmendu du ekimenak elikadura burujabetza eta euskararen sustapena dituela xede. Josu Iturri ekoizlea eta Xabier Iragorri boluntarioa ere izan dira Informazioaren Harian.

Audio_placeholder

Errigoraren kanpaina berriaz ekoizle eta boluntarioekin

Loading player...
Errigorako saskia
Errigorako saskia

Martxoaren 12ra arte eskatu daitezke Errigora herri ekimenaren produktuak. Kanpaina berria aurkeztu dute eta Txaber Larreategi Errigorako kidea NAIZ Irratian izan da kanpaina berriko erronken berri ematen.

Herri ekimenaren helburua elikadura burujabetza eta euskara sustatzea direla azpimarratu du. «Auzolanean proiektu potoloak egin daitezke», bere esanetan, ekintza txikiekin helburu handiak lortu daitezkeela nabarmendu nahi izan du Larreategik. 

Aurtengo kanpainan ere era guztietako produktuak eskatu ahal izango dira; besteak beste oliba olioa, zainzuriak, piperrak edo baita arroza edo pasta ere. Guztiak euskaraz etiketatuta. Errigorak produktuak eskaintzeaz gain zubilan bat ere egiten duela azaldu du Larreategik. «Bakoitza bere etxekoa da, oso jende anitza elkartzen da». Guztien arteko giro ona ere nabarmendu nahi izan du Errigorako kideak.

Josu Iturri Arroitzko nekazaria ere izan da Informazioaren Harian. Zainzuriak eta piperrak ekoizten ditu, eta azaldu du Errigorak egindako lana ezinbestekoa izan dela lehen sektorean lanean jarraitu ahal izateko.  «Sektoreari asko laguntzen dio Errigorak». Iturrik kontatu du bera ikaslea zenean zailtasunak izaten zituela euskaraz ikasteko. Orain, ordea, gauzak asko aldatu direla azaldu du.

Xabier Iragorri berriz oiartzuarra da eta boluntario lanak egiten ditu Errigorako produktuak eskaini eta zabaltzen. Azaldu du orain arte Euskal Herrian ekoizten ziren produktu asko ezagutzera ematen ere lagundu duela herri ekimenak. «Bertako ekonomia, bertako lanpostuak eta bertako nekazaritza sortzen ari gara».

Jaurlaritza Logoa