Saharako errealitatearen berri, maratoiaren erritmora

Sahara Maratoiak 20 urte bete ditu, Hamadako basamortuan egin berri da lasterketa solidario hau. Euskal Herritik ere talde bat izan da errefuxiatuen kanpalekuetan elkartasun ekimen honetan parte hartzen, tartean Ainhoa Lendinez elgoibartarra. 

Loading player...
naiz irratia|2020/02/26
Sahara-lasterketa
Sahara lasterketa (Sahara Maratoia)

20 urte betetzen ditu aurten Saharako Maratoiak. Maratoi hau helburu solidarioekin egiten da Hamadako basamortuan, eta bertan dira hainbat euskal herritar, horien artean emakumezkoetan 3. postua lortu duen Ainhoa Lendinez. Naiz irratian izan da eta aipatu du pozik dagoela 3. postu horrekin, baina ez dela inondik inora helburu nagusia izan.

«Bidaiarik ez dut egiten mendirik ez dagoen tokietara, hau da lehena, baina betidanik nuen gogoa honelako gauza solidario bat egiteko herri zapaldu batean». Lendinezek azpimarratu du helburua hango herritarrak bertan bizi duten egoera nazioartean ezagutzera ematea dela. «Beraiek esaten duten bezala, haientzat laguntzarik handiena da guk etxera bueltatzean kontatzea zer ikusten dugun  bertan. Horixe da maratoiaren helburua, ahalik eta oihartzun gehien ematea herri sahararrari».


Euskal ordezkariak 2020ko Sahara Maratoiean

Lendinezek aipatu du aurten 20.urteurrena duela maratoiak, helburua bertara joan eta bertan astebetez errefuxiatuen kanpalekuetan egotea zela. «Bidaian zehar azaldu zidaten haien egoera, nola Marokok haien lurraldetik bota zituzten, beraz horren ondorioz Aljeriak utzitako basamortu zati batean bizi diren. Hamada du izena, basamortuko infernua esan nahi du, hemen ez baitago ezer».

Bertako familiek hartu dituzte kanpotik joandakoak, «beraiekin bizi gara aste osoan, eta tartean atzoko egunez maratoia izan genuen». Askok elkar ezagutzen dutela ere aipatu du, izan ere bertan diren batzuk 15 urte daramatzate bertara joaten. «Ume batzuk Euskal Herrira ere eraman izan dituzte uda han pasatzeko, laguntza humanitarioa ekartzen dugu bidaia aprobetxatuz».

Bertako egoeraren harira hauxe aipatu du Ainhoa Lendinezek: «Egia esan, izugarria iruditzen zait XXI. mendean oraindik gizakia honela bizi daitekeenik ikustea. Antzekotasuna du Palestinarekin, munduan herri asko dira pobreak eta haien herritik botata daudenak».

Aipatu du Hamadan ez dagoela ezer, basamortu hutsa dela. Saharako Maratoia egun hauetan egiteak badu bere garrantzia, «batetik, bihar aberri eguna da hemen, horregatik maratoia. Bestetik, udan ezingo litzateke egin tenperatura altuengatik. Neguan orain 25-30 gradu inguru egiten ditu, udan, ordea, 56-60 gradu egin ditzake». «Etxeak adobezkoak dira, ez dute argi indarrik, argi indarra izatekotan elkartasun bidaia baten bidez laguntzarekin jarri dutelako da. Laguntza humanitarioekin bizi dira. Guk kaxak ekarri ditugu botikekin, arroparekin, diruarekin... Gure 50 eurok haientzat hilabete osorako balio du» aipatu du.

Etorkizunera begira aipatu du ezagutzen ari den jendea izugarri adeitsua dela. «Gaur, esaterako, inguruko herrietara joaten ari gara Euskal Herritik bidalitako paketeak banatzera, arropa, dirua...» Bestetik aipatu du bertakoekin harremana oso berezia dela. «Gustatuko litzaidake bueltatzea, baina itzuliko ez banintz ere harremana mantenduko dut, eta ahalik eta laguntza gehien bidaltzen saiatuko naiz, bai diru bitartez, baita haiek eskatu duten bezala Euskal Herrira iritsi bezain laster haien egoeraren berri emanez ere».

Azkenik, sahararren eskari nagusia gogoratu du, «beraiek haien herrira bueltatu nahi dute. Izan ere bertatik bota egin dituzte».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia