Joxe Ramon Begiristain: «Tortura ez da batzuei okurritutako zerbait; tortura sistematikoa izan da Euskal Herrian»

Torturaren aurkako eguna da datorren osteguna, otsailaren 13a. Tortura ongi ezagutzen duen herria da gurea. Lakuako gobernuak egindako ikerketa baten arabera, 4.000 tortura kasu baino gehiago gertatu dira Euskal Herrian azken hamarkadetan. Horiek salatu zituenetako bat da Joxe Ramon Begiristain tolosarra; aski ezagutzen du, esaterako, Jesus Muñecas guardia zibila, bere eskuetatik pasatakoa baita. Berarekin hitz egin dugu Naiz Irratian.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/02/12
Tortura1
Pancarta contra la tortura en Oiartzun (Lander FDZ. ARROIABE I FOKU)

Joxe Ramon Begiristainek salaketa aurkeztu zuen iaz Tolosako epaitegian, Jokin Sarasola, Jon Goñi, Josetxo Zabaleta, Elixabete Nosellas, eta Juan Aranguarekin batera, 1975 eta 1978 urteen artean Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean tortutatu egin zituztelako.

Jesus Muñecas guardia zibila izan du mintzo Begiristainek. Euskal Herrian «tortutaren» aurpegia islatzen duen pertsona bera dela dio. «Hasieran Zarauzko kuartelean aritu zen, gero Arrasaten, eta gero 1975ean Tolosan bukatu zuen. Bere eskutatik pasatzeko zorigaiztoa izan genuenak jakin ahal izan genuen ondo zein zen hura». Orain, berriz, epaitegietara eraman ordez, «urrezko erretiroan» bizi dela salatu du Begiristainek, «bere kondekorazioekin, bere super-pentsioekin, lasai bizi da».

Delitu horiek preskribatuta egon daitezkeela eta, esplikatu digu epaitegietan salaketa jarri zutenean euren asmoa zela delitu horiek «gizateriaren aurkako delitutzat» jotzea, eta hori horrela izanda, ez lirateke preskribatuko.

Begiristainek dio tortura ez dela izan «pertsonai konkretu batzuei okurritutako zerbait». Tortura Euskal Herrian «sistematikoa» izan dela azpimarratu du, «euskal herritarren kontra egiteko erabili dena». Bai Frankismo garaian, bai ondorenean ere, tortura «gorputz poliziak guztiek» erabili dutela ziurtatu du. 

Zentzu horretan, Madrilgo Diputatuen Kongresuan zeresana ematen ari da azken egunetan torturatzaile izan ziren polizi-agenteei kondekorazioak kentzea; besteak beste, EHBildu izan da auzia Kongresura eraman duena. Horren inguruan, Begiristainek dio: «Nagusia agintzen badio zakurrari lan bat egiteko, eta lana ondo egin badu, saria ez dio kenduko, saria eman egingo dio».

Torturatu gisa, Begiristainek azaldu du jakinarazi nahi dutela zer izan den tortura. «Justizia» gutxi espero dutela gaineratu du, baina gutxienez gertatutako onartzea nahiko luketela esan du. Ez du, ordea, esperantza handirik. 

Lakuak tortura kasuen inguruan egindako azterketa positiboa dela nabarmendu du Begiristainek. Pako Etxeberria forentsearekin biltzeko aukera izan zuten, eta «sekulako lana» egin zela ziurtatu du. Horrelako lanak, batez ere, gertatutakoa azaltzeko balio dutela azpimarratu du.

Gertatutakoaren kontzientzia badagoela uste du tolosarrak, baina era berean, pentsatzen du «jendeak» nahiago duela «kontu hauetaz ez hitz egin». Berak, bai, berak hitz egin nahi du; eta segurtatu du torturatu zuten egunak «gogorrak, oso gogorrak» izan zirela. Gaiaz hitz egitea ere asko kosta zitzaiola aitortu digu, baina argi du hitz egin behar dela. 

 

 

 

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia