Josu Goñi Zuñiga «Ez dakigu datorren urtean gure seme-alabak D ereduan matrikulatzeko aukera izango dugun»

Mendigorriako gurasoak kexu dira Nafarroako Hezkuntza sailak euren herrian D ereduko lerrorik ez duelako zabaltzen. Josu Goñi Mendigorriako gurasoa izan da gaur goizean Naiz Irratian eta aipatu du gaur gaurkoz, guraso hauek ez dakitela datorren urtean euren umeak D ereduan matrikulatzeko aukera izango duten. Besteak beste, galdetu dute ia zergatik ez dituzten zonalde mistoa deiturikoan dauden eskoletan dituzten eskubideak.

Loading player...
naiz irratia|2020/02/06
Mendigorria
Mendigorriako gurasoek D ereduan ikasi ahal izatea eskatu dute. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Nafarroako Hezkuntza sailak euren herrian D ereduko lerrorik ez duela salatu dute Mendigorriako gurasoek. Naiz irratian izan da Josu Goñi Mendigorriako gurasoa eta esan du ez dietela ematen arrazoirik D ereduko lerroa ez irekitzeko. «Kontraesanetan erortzeaz gain, hainbat diru-laguntza kentzeko arriskuarekin ere mehatxatu digute».

Azaldu du une honetan 17 haur daudela haur eskolan, eta hauen gurasoetatik 11 direla haurrak euskaraz matrikulatu nahi dituztenak. Edozein kasutan, etorkizunean akaso gehiago ere izan daitezkeela ohartarazi du Goñik. Legeak dio 8 haur behar direla D ereduko gela bat zabaltzeko, baina kontua da ez dagoela argi landa eremuan zein den behar den kopurua. Ondorioz, «landa eremuko arauak aldatu behar dira eta beste minimo batzuk aplikatu behar dira», bere esanetan.

Nafarroako Hezkuntza sailaren jarrerarekin kezkatuta agertu da Goñi, «azarotik gaude eurekin harremanetan, eta egun batetik bestera, aurre-matrikulaziorako 10 egun falta direnean, Mendigorriako ikastetxea erreferentziazko ikastetxe izatetik, irizpidea aldatzera pasa da». Kritiko azaldu da era berean PSNren gobernuarekin.

Goñik argi dauka bere alabak D ereduan eta Mendigorriako eskolan ikastea nahi duela. Bera bezala, determinazio horrekin daude gainerako familiak ere. Euskarak Mendigorrian duen bultzada oso handia dela argi dauka Goñik; «ikusi besterik ez dago urtez urte D ereduaren eskaera handituz doala. Gobernuaren zain gaude eta erantzunik izan ezean, gatazka konpondu arte hementxe segiko dugu», baieztatu du. 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia