Zuzenean
Arabako lurretan dabilen otso bat, geratzen den azken otsoa, hiltzeko baimena eman du Arabako Foru Aldundiak. Talde ekologistek ez diote zentzurik hartzen neurri horri. Diego Ortuzar, Ekologistak Martxan taldeko kidea, Informazioaren Harian izan da eta azken urteetan Euskal Lurretan otsorik gabe egon garela adierazi du, «azkena da. Urteak daramatzagu otsorik gabe».
Zorrotz mintzatu da Ortuzar Naiz Irratian eginiko elkarrizketan. Adierazi du otso hau Burgosetik sartu dela euskal lurretara, eta orain Aldundiak 100 ardi jan izana leporatzen diola, «ezinezkoa da otso bakar batek 100 animalia hiltzea», bere esanetan. Aldundiak eman dituen datuen arabera 153 animalia hil ziren 2019an Arabako mendietan.
Ortuzarrek adierazi du erabakia legez kanpokoa dela talde ekologistaren ustetan, eta horregatik Fiskaltzara joko dutela iragarri du. Aldundiak ingurumena babesteko neurriak ematen dituela adierazi du, eta orduan ez du ulertzen orain zergatik ematen duten otsoa hiltzeko baimena.
Talde ekologistek otsoaren hilketaren neurriaren aurka 105.000 sinadura bildu dituztela esan du Ortuzarrek. Adierazi du urteak daramatzagula Euskal Herrian otsorik gabe, eta Arabako aldundiak ez duela neurririk hartu tarte horretan. Otsoa lurralde orekan ere garrantzia handia duen animalia dela gaineratu du, «gero kexatu egiten gara mendian animalia asko daudela esanaz. Otsoek basurdeak jaten dituzte».
Orain Aldundiak 14 egunerako baimena eman du otsoa hiltzeko. Hala ere, Ortuzarrek adierazi du hamalau egun hauetan hiltzen ez badute, beste hainbeste baimenduko dituela Aldundiak, ahalik eta otsoa akabatzen duten arte, «baimenak berak ez du zentzurik, ezta denbora tarte horrek ere».