2019ko martxoan jarri zen martxan Egunean Behin aplikazioa. Urtebete baino gutxiagoko denboran 60.000 erabiltzaile izatera igaro direla adierazi du Luistxo Fernandezek Informazioaren Harian.
Hirugarren denboraldia hilabeteko atsedenaren ostean dator. «Atsedena martxa hartutakoan erabakitakoa da»; Fernandezek adierazi du hasiera batean ez zutela atsedenik hartzeko asmorik, baina aplikazioak hartu duen dimentsioa ikusita eten bat egitea erabaki dute.
Aplikazioa sinplea dela azpimarratu du Fernandezek. «Hamar galdera, egunean behin soilik erantzun daitezkeenak». Aplikazioak izan duen arrakastaren adierazgarrietako bat hori izan dela adierazi du. Aplikazioan «egunean behin» parte hartzeko aukera izateak mugatu egiten du erabiltzailea, eta horri esker ez da adikzioa sortzera iristen Fernandezek azaldu duenez.
Denboraldi berrian berrikuntzekin dator aplikazioa. Asteko sailkapenak soilik ez, orain denboraldikoak ere kontuan hartuko direla jakinarazi du Fernandezek. Denboraldiak iraungo dituen 8 asteetatik erabiltzaile bakoitzari 4 onenak hartuko zaizkio kontuan. Era horretan beste sari bat irabazteko aukera ere izango dute erabiltzaileek.
Beste berrikuntza bat da galdera sorta berriena. «Gaurtik aurrera euskal musikaren ikurren edo perretxikoen inguruko galdera mordoa izango da». Galdera sortak egiteko erabiltzen dituzten sistemak ere berritzeko asmoa du Code Syntaxek. Horregatik lehiaketa bat antolatu dute, programazioa ikasten duten edo programazioan lan egiten dutenentzat. «Helburua galderak automatikoki sortzeko baliabideak bilatzea da».
Otsailaren 3tik martxoaren 29ra bitartean jokatuko da beraz Egunean Behinen hirugarren denboraldia.