Nagore Artola:«Aste honetan ikusi dugu lehenengo aldiz zeru urdina»

Australian bizi dira orain Nagore Artola eta Ander Lopetegi Azkoitiarrak. Ikasketak amaitu berritan, denboraldi baterako Australiara joatea erabaki zuten biek. Suteek bete-betean harrapatu dituzte, eta Australian bizitakoak kontatu dituzte Naiz Irratian.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/01/28
Whatsapp_image_2020-01-28_at_14.24.10
Ander Lopetegi eta Nagore Artola

Australian irailetik urtarrilaren erdi aldera piztuta egon diren suteek inoizko kalterik handienak eragin dituzte. Bertara iritsi orduko ikusi dituzte suteak Nagore Artola eta Ander Lopetegi Azkoitiarrek. Abenduaren erdialdetik Australian bizi dira eta bizitakoak kontatu dituzte Informazioaren Harian.

Hilabeteren ostean, orain hasi dira normaltasunari heltzen, «aste honetan ikusi dugu lehen aldiz zeru urdina, baita izarrak ere». Australian bizi izan diren bitartean zerua ke-laino batez estalita egon dela adierazi du Artolak. Azken hiru egunetan Australian daudenetik lehenengo euri zaparradak egiten hasi dela gaineratu du.

Bizi diren herriak Avalon du izena eta Lopetegik adierazi du bertan ez dutela suteekiko beldurrik izan, «penintsula bat da hau, itsasoz inguratuta bizi gara, eta horrek lasaitasuna eman digu». Avalonen surik ez dutela ikusi gaineratu du, baina kotxea hartu eta erdialdera abiatuz gero kaosa ikusi dutela esan du Artolak.

Supermerkatuetako apalak bizi behar izan duten egoera kaotiko horren erakusgarri izan direla adierazi du Lopetegik; «supermerkatuetako apalak hutsak zeuden». Orain, gainera, ura aurrezteko asmoz gobernuak kotxeak garbitzea debekatu duela esan dute.

Orain, elkartasun olatua nabaria dela adierazi dute biek, «herritarrak garajeetan dituzten gauzak saltzen hasi dira, bildutako dirua suhiltzaileei emateko». Suteak itzaltzeko lanetan 28 suhiltzaile hil dira eta kalte materialak ere handiak izan direla hartu behar da kontuan.

Orain, ordea. egoera bere onera itzultzen ari da, eta Australiako txoko berriak ezagutzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute Artola eta Lopetegik.

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia