Xanti Salvador (Goya sariduna): «Horrelako sariek ematen dizuten gauzarik hoberena ematen dizuten bisibilitatea da»

Hamabost izendapen eskuratuta heldu zen Moriarti produkzioetako lan-taldea Malagara larunbatean, Goya sarietako sari banaketa ekitaldira. 'La Trinchera Infinita' filmak bi sari eskuratzea lortu du, emakumezko aktore onenaren saria (Belen Cuesta) eta soinu onenaren saria, Alazne Ameztoi, Iñaki Diez, Nacho Royo-Villanova eta Xanti Salvadorrek filmean egiten duten lanagatik. Hain juxtu, azken honekin hitz egin dugu Naiz Irratian.  

Loading player...
Naiz Irratia|2020/01/27
Latrincherainfinita
El equipo de ‘La trinchera infinita’. (NAIZ)

Nekatuta, baina oso pozik dagoela ziurtatu digu Salvadorrek. 'Handia' filman ere hartu zuen parte Salvadorrek soinu zuzendari moduan, eta nominatua izan arren, ez zuen saria eskuratzerik izan. Oraingoan, aldiz, lan-taldea izan da saririk eraman ez duena, eta berak bai: «Iaz guk lortu ez arren oso pozik egon ginen lan-taldearengatik, eta aurten guri tokatu zaigu». Urduriago egotea espero zuela aitortu digu, baita aurtengo izendapenak ikusirik, irabaztea zaila izango zutela ere. Sentsazio onarekin itzultzen direla dio, ordea; «hor egon gara borrokan behintzat, izendapen askorekin». 

Film honetan soinu muntaketa eta Nacho Royo-Villanovarekin batera nahasketak egitea izan dira Salvadorren egitekoak. Alazne Ameztoik eta Iñaki Diezek, aldiz, zuzeneko soinua grabatzeaz arduratu ziren. «Muntaian egiten duguna da pixkanaka-pixkanaka pelikulak behar ditue soinu guztiak ipini, bai zuzenekotik datozenak (garbitu pixka bat, txukundu...), eta baita efektuak sartu. Eta gero nahasketan soinu horiek guztiak txukundu, bere tokian ipini, pantailan, pantailatik kanpo, goian, beheran... guztia txukundu, azken foinean».

'Handia' eta 'La Trinchera Infinita'-n egindako lana alderatzen hasita, oso ezberdinak direla argitu digu. Azken honetan, gainera, protagonista ezkutuan den unea ekarri du gogora: «Kamarak grabatzen duena oso subjektiboa da. Guk soinuztatzen ditugun sekuentzietan soinua sinkronikoa da gertatzen denarekin pantailan, baina kasu honetan ez dugu ia ezer ez ikusten, baizik eta entzun dugu protagonistak entzuten duena. Gertatzen dena askotan pantailatik kanpo dago, gainera.Beraz, ez dago sinkroniarik pantailan ikusten denarekin, baina ematen digu askatasun gehiago». 

Herritarrak, oro har, geroz eta konszienteagoak dira interpretazioa eta zuzendaritzaz gain egiten den lanaz, Salvadorren arabera. Horrelako sarien gauzarik hoberena, «ematen dizun bisibilitatea» dela dio. «Askotan egoten gara hilabete asko lanean, leihorik gabeko estudioetan, orduak eta orduak sartzen, eta arnasa hartzeko balio dute sari hauek».

Salvadorren ustez orekatu egin beharko litzateke atzerritik datozen filmen eta Estatu mailan edota Euskal Herrian egiten diren ikus-entzunezkoen arteko proiekzioa, azken hauei geratzen zaien portzentaia txikia baita. Alde horretatik errentabilizatu beharko litzatekeela dio Salvadorrek, eta hala balitz, diru-laguntza gutxiago bideratu. «Etekin zuzen gehiago atera zinematik», alegia. 

Moriartitarrekin berriz ere lanean ikusiko ote dugun galdetuta, beregatik baietz erantzun digu Salvadorrek. «Pozik, gainera», gehitu du.

 

 

 

 

 

 

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia