Barrura begirako burujabetzaz, gizarte zerbitzuen harira

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuen antolaketak herritarren arteko ezberdintasunak sortzen ditu, Felix Arrieta irakasleak argitaratu berri duen 'El archipielago del bienestar' (Catarata, 2019) lanak jasotzen duenez. Egileak hauen eskuduntza Lakuako gobernuaren esku egon behar lukeela uste du. Hiru herrialde hauen barne antolaketaren inguruko hausnarketarako bide ematen du proposamenak.

Loading player...
Ion T. BARRENA|2019/12/30
Felix_arrieta
Felix Arrieta bere bulegoan.

Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean hartu gaitu Felix Arrieta irakasleak. Argitaratu berri duen liburua dugu hizpide, 'El archipielago del bienestar. Los servicios sociales en el País Vasco' (Catarata, 2019). 

Berarekin izandako solasaldian liburuan jaso dituen ondorio nagusiak izan ditugu hizpide. Kezka nagusiak bi: herritarren arteko ezberdintasunak sortzen dituela gizarte zerbitzuen egungo antolaketa administratiboak eta gaiari heltzeko nahikoa borondate edo gaitasun politikorik ez dagoenaren ustea. 

Hortik izenburua; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuen antolaketa bakarra baino, elkarrekin jardun arren bakoitza bere bidetik doazen politika ezberdinak daudela. 

«Hezkuntza sistema bakarra dago Erkidegoan [EAE], osasun sistema ere bakarra da. Gizarte zerbitzuetan, aldiz, hiru eredu nahikoa ezberdin ditugu». Zer kalte sortzen du horrek? «Ezberdintasunak sortzen dizkio herritar bakoitzari eta hiritar kontzeptua zalantzan jartzen du. Gizarte zerbitzuetara sarbidea ematen diguna ez da gure euskalduntasuna; hezkuntzan bai, osasunean ere bai, baina gizarte zerbitzuetan nire gipuzkoartasunak ematen dit sarbidea». Adibide bat? «Mutrikun bizi den pertsona batek eguneko zentro baterako ordaindu beharko duen gehienezko tarifa 16,5 eurokoa da; Ondarroan bizi den batek, aldiz, 52 eurokoa». 

Gizakidetza eta «aukera galdua» 

Osakidetzaren moduko 'Gizakidetza' bat aipatzen du Arrietak liburuan proposamen gisa, gizarte zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea, alegia. «Kritika egiten didatenek diote zerbitzua urrutiratzea eragingo lukeela. Baina eskumenak zentralizatzeak ez du esan nahi zerbitzuak zentralizatzea eta aukera honek asko erraztuko luke kudeaketa, tartean aurrekontuena». 

Gaiari heltzeari «beldur moduko bat» zaiola uste du Arrietak, «83ko lurralde historikoaren legeak sortu zituenak» gogoan (elementu garrantzitsua izan zen EAJren zatiketan eta Eusko Alkartasunaren sorreran).

Gasteizko Legebiltzarrean Estatus Berriaren inguruan EAJk eta EH Bilduk lortu zuten akordioan aipatzen zen gaia, baina gerorako utzi zuten eztabaida (akordioa zartatu aurretik argitaratu du liburua Arrietak). «Aukera galdua» izan da, «oraingoz», Arrietaren ustez. Izan ere, nabarmendu du burujabetzaz kanpora eta barrura begira, aldi berean, hitz egiteko beharra dagoela. «Estatusari begira egonik bi norabideko eztabaida bat egin dezakegu; bat, Madrilera begira zer nahi dugun, eta aukera sortzen bada erabakitzeko eskubidea gauzatuz; bitartean, guk gure burua nola antolatu nahi dugun ere eztabaidatu behar dugu. Uste dut agian arreta gehiegi jartzen diogula lehenari eta oso gutxi, edo batere ez, bigarrenari». 

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia