Maria Carrere (Zaldunbora Gelditu): «Hondarribiko alkateak enpresa pribatuen interesak lehenetsi ditu»

Hondarribiko udalak Zaldunbordako makro outlet proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki ondoren, haserre mintzatu dira egitasmoaren kontrako plataformatik. Inguruko udalerrien «kontrakotasuna eta eragileekin pedagogia» sustatu asmo dutela adierazi du Maria Carrerek, plataformako kide eta Hondarribiko Merkatarien Elkarteko lehendakariak.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/12/26
Zaldunborda
Zaldunborda lursaila, makro-outlet proiektua egingo den tokia. (Jon URBE / FOKU)

Hondarribiko plenoak, EAJren gehiengoarekin, Gaintxurizketa gainean egin asmo duten merkataritza outlet proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Behin erabaki hori hartuta, Txomin Sagarzazu alkateak egitasmoaren zilegitasuna aldarrikatu zuen. Bada, alkatearen jarrerarekin oso haserre mintzatu da 'Zaldunborda Gelditu' plataforma.

«Alkateak esan zigun bertako merkatarien egoeraz kezkaturik zegoela, baina berdin zaio gu nola egongo garen. Abandonatuta sentitzen gara eta haserre» esan du Maria Carrerek, plataformako bozeramaleak.

Proiektua sustatzeko argudioen artean, lanpostuak sortuko direla nabarmendu du alkateak. Baina hori ez da horrela Carrereren esanetan, «sortuko diren enpleguak prekarioak izango dira eta ingurumen inpaktua izugarria izango da. Alkatearentzat beste interes batzuk dira garrantzitsuak, enpresa pribatuenak lehenetsi ditu herritarrenak baino. Zaldunborda egiten bada katastrofe hutsa izango da guretzat».

Ikusirik Zaldunbordako merkatariguneak aurrera jarraitzen duela, inguruko herrietan mozioak sartu eta eragileekin lanketa egiten ari dira. Izan ere, uste dute Hondarribiarentzat ez ezik inguruko herrientzat azpiegitura «kaltegarria» izango dela.

Gasteizko Legebiltzarrean onartu zen merkatalguneen legea aztertzeko aldebiko batzordea sortu dute Lakuak eta Espainiak. Batzorde horretan euren ahotsa aintzat hartzea nahi dute 'Zaldunborda Gelditu' plataformakoek.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia