Julio Fombellida: «Zazpi urte daramagu soldata igoera barik eta negoziazioa geroz eta okerrago doa»

ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek deituta, greban daude Bizkaiko etxez etxeko langileak. Sindikatuek lan gatazka «gaiztotu» egin dela ohartarazi dute, gogoratuz, soldatak ez direla zazpi urteetan eguneratu, lau urte pasa direla lan ituna berritu behar zenetik eta mobilizazioekin duela bi urte hasi zirela. Julio Fombellida, ELA sindikatuko Gizalan-eko arduradunarekin mintzatu gara gaiaz. 

Loading player...
Naiz Irratia|2019/12/26
Etxez-etxe-bizkaia
Bizkaiko etxez etxeko langileen mobilizazioa, azaroaren bukaeran. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Zazpi urte daramatzatela soldata igoerarik gabe eta negoziazio okerrera doala azpimarratzen du Julio Fombellidak, ELA sindikatuko Gizalan-eko arduradunak. Ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela euren aldarrikapenak sinesten, eta Patronalak ere ez duela gaiaz ezer jakin nahi: «Azken bileran 10 minutu egon ziren jezarrita eta ez zuten ezer ekarri. Egoera oso-oso kezkagarria da».

Greban daude Bizkaiko etxez etxeko langileak ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek deituta. Lan gatazka enkistatuta dagoela diote, azken zazpi urteetan soldatak ez igotzeaz gain, lau urte pasa direla ituna berritu behar zenetik eta honezkero bi urte direla mobilizazioekin hasi zirenetik. Eusko Jaurlaritza jotzen du honen erantzuleetako bat Fombellidak: «Eusko Jaurlaritzaren erronka izan beharko luke gure eskaerei modu batean edo bestean buelta ematea». Ordea, erantzukizunak banatzerako orduan ez ditu ahaztu sektore honetako bi Patronalak: «Ez dute ezer jakin nahi. Esaten dute ez dutela dirurik ezertarako eta Udalek daukatela giltza arazoaren kontra borrokatzeko; azken finean, zerbitzu hauek munizipalizatuta daude eta Udal bakoitzean onartu behar dute zenbat diru bideratu nahi duten honetara. Beraz, Patronalak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalek ere dute zeresana gai honetan». 

Hain zuzen, azken horien ardura ez du alboratu nahi zain Fombellidak. Azpimarratu du udal bakoitzak duela bere zerbitzua azpikontratatua eta, azpikontratazioa erabaki politikoa denez, Udalaren ardura izan beharko lukeela jakitea zeintzuk diren langileen baldintzak, horretarako beharrezko dirua bideratuz.

Fombellidak gogoratu du lau urte direla lan hitzarmena berritu behar zenetik. «Zoritzarrez 2012an erreforma laborala etorri zen, eta guk eskatzen duguna da bermatzeko sinatu duguna, bai ultra-aktibitatean, bai absentismoan... baina batez ere zerbitzu-orduak mantentzea». Fombedillak dio udal bakoitzak jakin behar duela zenbat zerbitzu-ordu behar dituen, baina azken urteetan ia %60a galdu dituztela. «Guk eskatzen duguna da soldata igoera, KPIa behintzat, baina batez ere, enplegua mantentzea».

Grebaren erantzunaren dagokionez, kritiko azaldu da Fombedilla zerbitzu-minimoekin: «Ia %100koak dira; alegia, ematen den zerbitzua 1, 2 eta 3 graduetan ematen dira, eta horrek suposatzen du ia jende guztiak lanera joan behar duela. Baina gaur Santurtziko manifestaldian 100ndik gora lagiun elkartu gara eta erantzuna masiboa izan da». Guztira 1.500 langile ingururi eragiten diela baieztatu du Fombellidak.   

Negoziaketen garapenari buruz, ez da baikorra. Kexu agertu da Eudelek eta Patronalak ez dituztelako proposamenak mahai-gaineratzen. 

Hurrengo egunei dagokionez, mobilizazioekin jarraituko dutela gaineratu du Fombedillak. «Argi daukagu geroz eta gauza gehiago egin behar ditugula eta greba egun gehiago etorriko direla».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia