Zuzenean

Naiz Irratia

Alex Txikon: «espedizioaren %1 da gailurrera iristea»

Neguan Everesteko gailurrera iristeko hirugarren saiakera egingo du urtea hastearekin bat Alex Txikonek. Gailurrera iristea ez da helburua, ordea. Bidean ikasi eta behe kanpalekura sokalagun guztiekin iristea du xede lemoarrak.

Audio_placeholder

Alex Txikon: «espedizioaren %1 da gailurrera iristea»

Loading player...

Everesteko behe kanpalekura abiatuko da aurki Alex Txikon. Hirugarren aldiz munduko mendirik altuenera neguan igotzeko saiakera egingo du lemoarrak. Aurreko bietan ia 8.000 metroko kotan geratu zen eta azken urteetan metatu duen esperientzia soinean, «hirugarrenean baietz» dio. Alabaina, zuhur mintzo da Txikon, jakin badakielako naturaren kontra gizakiak deus gutxi egin dezakeela.

8.848 metroko garaierako tontorra oxigeno artifiziala erabili gabe zapaldu eta neguan hori egiten lehena izan nahi du. Halaber, naturaz gozatzea du xede: «espedizioaren %1 gailurrera iristea da. Gailurra, behe kanpalekura sokalagun guztiekin iristea da».

Horrelako bidaia batek ilusioa pizten du taldean, eta ilusio horrek lausotzen du sortzen den higadura pertsonala. Garrantzia kentzen dio Txikonek behin eta berriz tontorrera iristeari, espedizioaren funtsa hori balitz, «beste bide bat» hautatuko luketelako.

Urteak daramatza goi mendietan Alex Txikonek, eta ardo onen gisan urteek ondutako prismatik begiratzen die miresten dituen mendiei. Aitzitik, naturarekiko zein bertako biztanleekiko errespetua da premisetako bat espedizioarentzat, «gu euren gonbidatuak gara, beraien lurraldera goazela barneratu behar dugu», dio. Halaber, kritiko da egun mendizaletasunak hartu duen bidearekin: «Behe kanpalekuetan ehunka lagun aurki ditzazkezu, lehen hamar lagun ginen bitartean. Abentura eta esplorazio grina galtzen ari da, tamalez, kirolerantz jo du alpinismoak».

Everesten sokalagun izango ditu Oscar Cardo, Jonatan Garcia, Chhiji Nurbu Sherpa, Pechhumbe Sherpa eta Tenje Sherpa. Teknologia berriek ematen dizkieten tresnak baliatuko dituzte, esperientzia metatu eta beti zerbait ikasten dutelako.

Urtarrilaren hasieran Nepalera joan aurretik, Antartikara joango da Txikon, esploratu gabe dauden tontorrak edo ibilbide berriak irekitzera. Behin Katmandura iritsita, Felix Criado eta Iñigo Gutierrezekin bat egin eta Ama Dablam (6.812m) mendira joango da. Bide horretan AMIAB desgaituen mendizale taldeko kideekin ariko da.

Jaurlaritza Logoa