Zuzenean

Iritsi da, beste urte batez, euskal kulturaren azokarik handiena. Goizeko 10.30etan zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak eta igandera bitarte guztien eskura izango dira 264 erakuslehio eta 405 nobedade.
Ikastetxe ezberdinetatik joandako neska mutilek bete dute goizean Landako Gunea. Ermuatik joandako hainbat ikaslek kontatu digute, erosi baino ikustera joan direla Durangora. Baita gustoko duten musikariren batekin argazkia ateratzera ere.
Gustoko, askok, Izaro Andres dute. Diskak eta bestelakoak sinatu eta sinatu aritu da goizean goizetik, jende asko inguruan, baina izan du gurekin hitz egiteko tartetxo bat ere.
Durangora joaten direnen artean askotarikoak daude; batzuk aurrekontu handiarekin joaten dira, beste batzuk txikiagoarekin, batzuk argi dute zer erosi nahi duten, beste batzuk momentuan, ikusten dutenaren arabera, hautatzen dute etxera zer eraman. Hala egin duten bi lagunekin izan gara. Batak Txalapartaren ‘Verano del 36. Memorias de un gudari’ liburua erosi du, besteak Juantxo Skalariren biografia. Aitortu digute, literatura eta musika ez ezik, poteatzea ere maite dutela eta hala egiteko asmoa dutela Durangora joanda.
Gazteak gaur nagusi, baina, noski, helduak ere ikusi ditugu. “Noiz etorri zinen lehen aldiz azokara?”, galdetu diogu Landakon topatu dugun gizon bati eta “pufff...azoka plazan zegoenean”, erantzun digu. Semea zuen ondoan, Su Ta Garren diskoa erosi berritan.
264 erakuslehio daude azokan. Bat Jakinena da. Salgai dituzten liburuen artean «izarretako bat» Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ dela azaldu digute arduradunek. Irene Arrarats itzultzaileak ekarri du euskarara Beauvoirren lan nagusia.
91 disko berri dakartza aurtengo azokak. Tartean, En Tol Sarmiento taldearen azken diskoa ‘Aukera Berriak’. Izugarrizko ilara sortu da En Tol Sarmientoren erakuslehioan eta Iñigo Etxezarreta kantariak aitortu digu azken bost urteetan azokan izan badira ere aurten inoiz baino jende gehiago gerturatu zaiela. ‘Aukera berriak’ lanaz azaldu du estilo berri eta ezberdinak jorratzen saiatu direla. Zentzu honetan, «ez da inoiz berandu gauza berriak frogatzeko», baieztatu du Etxezarretak.
Argitaletxe eta diskoetxeentzat funtsezko plaza da Durango. Airaka-Mauk-koek 9 lan berri eraman dituzte Durangora. Pozik sumatu ditugu goizean jada hasiak zirelako produktu ezberdinak saltzen.


