Zuzenean

naiz irratia

Ostiralean hasiko da Bilbao Mendi Film Festival

Mendia, abentura, muturreko kirolak, natura... Ostiralean abiatuko da Bilbao Mendi Film Festival. Hamabigarren edizio honetan 56 film lehiatuko dira Sail Ofizialean. 29 herrialdetatik bidalitako 127 zinta jaso dituzte, inoiz izan den kopururik handiena.

Audio_placeholder

Ostiralean hasiko da Bilbao Mendi Film Festival

Loading player...
mendi film festival
mendi film festival

Aitor Elduaien ekitaldiko komunikazio arduradunak «itzela» bezala kalifikatu du aurtengo harrera, «nazioarteko erakuslehio garrantzitsu bat gara». 56 hautagai daude sari ofizialerako eta horietatik 13 Espainiar Estatukoak dira, 11 Estatu Batuetakoak, 7 Kanadakoak, 5 Alemania eta Erresuma Batukoak, 4 Austriakoak, 3 Frantziar Estatukoak, bina Australia eta Italiakoak eta bana Grezia, Errumania, Eslovenia eta Poloniakoa.

Bertako lanek protagonismo zabala izango dute, Euskal Herriko 11 lan aurkeztu dituzte jaialdira: ‘Artiko’, ‘Burdinura’, ‘Chhaupadi’, ‘Cholitas’, ‘Circle of the Sun’, ‘Elur Goritan’, ‘Harria herria’, ‘Natura Bizia’ eta ‘Vergüenza’.

Elduaienek azpimarratu nahi izan du aurten, modu berezian, ingurumena, emakumea eta gai sozialak lehen lerroan egongo direla. Helburuek bere horretan diraute, «Mendi Film Festival-ak barrura begirako helburu bat du, hain zuzen ere, hemen berezkoa dugun mendi kultura hori transmititu ahal izatea», Aitor Elduaienen arabera.

Hitzaldiak, erakusketak eta argazkilaritza

Aurtengo egitarauak, bestalde, tarte zabala eskaintzen die hitzaldiei ere. Horietan gai ezberdinak jorratuko dituzte atzerriko zein etxeko hizlariek: Christian Pondella, Andoni Ormazabal, Ana Zamorano edota Zigor Madaria izango dira, besteak beste.

Erakusketek ere tokia izango dute eta CVCEPhoto mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketaren ale ederrenak ikusgai izango dira. Lehiaketa horretako finalista izan zen, hain zuzen ere, edizio honen kartel ofizialaren irudia: Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren ‘Top of Africa’. «Kilimanjaro gailurrean desagertzen ari diren glaziar ondar batzuk agertzen zaizkigu. Ingurumenarekiko kezka transmititzen da beraz», dio ekitaldiko komunikazio arduradunak. Abenduaren 15ean bukatuko da mendiari eskainitako zinema jaialdia.

Jaurlaritza Logoa