#GBTX19: Tolosako azken finalaurrekoaren ostean, finala erabakita

«Presiorik gabe» eta bertsoaz «gozatzen» ari da Jon Maia, NAIZ Irratian adierazi duenez. Berak irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa eta Ilunben izango da abenduaren 14an. Tolosako saioa aletu dugu. 

Loading player...
NAIZ IRRATIA|2019/12/02
Iguaran-maia
Oihana Iguaran eta Jon Maia, atzo Tolosan kantuan. (GBE)

Erabaki da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Tolosako azken finalaurrekoaren ostean Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Jon Maia, Alaia Martin, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo izango dira abenduaren 14an Ilunben. 

Aurreko saioetan bezala, azken finalaurrekoko irabazlea izan da gurean Tolosan egindako lana baloratzen. Jon Maia «presiorik gabe» doa finalera eta «gozatzen» ari dela esan digu. Zortziko txikian epaileek puntuazio baxu samarra eman arren, momentuan berak ez zuela bajualdirik sentitu azaldu digu eta indarrez jarraitu zuela saioan, kartzelakoan dena borobildu arte. 

Ariketaz ariketa errepasatu dugu lehen final parekidea ondorio gisa izan duen azken finalaurrekoa. Aukeratutako bertsoaldien artean, Oihana Iguaran eta Jon Maiaren hamarreko handikoa; Iguaran bera eta Beñat Lizasoren arteko zortziko txikikoa («Bikotea zarete. Proba egiteko zuen datuak sartu dituzue ligatzeko aplikazio batean. %5eko bateragarritasuna duzuela atera zaizue») eta Jon Maia eta Haritz Mujikaren 6 puntuko motzeko lana.

Kartzelakoaren ikuspegiak

Gai berak askorako eman dezake eta hori bera da kartzelako ariketaren puntu erakargarrietako bat. Tolosako saioan hau izan zen emandako gaia: «Telefonoak jo du, begiratu duzu eta berriz ere zenbaki bera da». Hiru adibide ekarri ditugu errepasora: Jon Maiarentzat maitale izandakoaren deia zen, hartu ala ez hartu zalantza. Oihana Iguaranek ere ikuspegi beretik, baina bizipen oso ezberdinetik heldu zion gaiari. Iban Urdangarinek, aldiz, umoretik heldu zion gaiari. 

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia