Zuzenean

Naiz Irratia

Etxerat: «Guk egiten dugun lanak min ematen dien seinale da erasoa»

Etxerat elkarteak Gasteizen duen egoitzan egin dizkioten pintaketa faxistak salatu ditu. Halako erasoek duten inpunitatea gaitzetsi du Urtzi Errazkin bozeramaileak eta ohartarazi du ez dutela atzera pausurik emango eta giza eskubideak defendatzen jarraituko dutela.

Audio_placeholder

Etxerat: «Guk egiten dugun lanak min ematen dien seinale da erasoa»

Loading player...
Pintaketa naziak Etxeraten Gasteizko egoitzan. (@EtxeratElkartea)
Pintaketa naziak Etxeraten Gasteizko egoitzan. (@EtxeratElkartea)

Egoitza seinalatu eta ikur naziak marraztu dizkiote Etxerat elkarteari, Gasteizen duen egoitzan. Espainiar estatuan bizi den inboluzio politikoaren testuinguruan egin dira pintaketak, Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak salatu duenez: «Beste eraso bat gehiago, faxismoak egindakoa kasu honetan. Ikusten dugu lasaitasun osoarekin egindako pintadak direla eta guk egiten dugun lanak min egiten dien seinale da. Honek ematen digu guri beste arrazoi bat gehiago, lanean jarraitzeko. Ez dugu atzera pausurik emango, inola ere».

Bizikidetzaren kontrako erasoa izan da honakoa, Errazkinek salatu duenez: «Gu azken finean euskal herritar ugariri laguntzeko gaude, zaintzeko, eta beraien giza eskubideak urratzen direnean, salatzeko. Hori da Etxeratek egiten duen lana, eta horren aurka egin dute beste behin ere».

Elkartetik salatu dute, gainera, ez da lehenengo aldia halako erasoak jasaten dituztena: «Bai Gasteizen bertan, duela urte batzuk gertatu zitzaigun; Hernaniko egoitzan ere, duela ez hainbeste, pegatina faxista batzuk agertu zitzaizkigun; eta senide eta lagunek zoritxarrez astebururo arrisku horiekin topatzen dira: autobusei erasoak, senideak kotxean doazela identifikatzea...».

Erakundeei dei egin die, halaber, Errazkinek, halako erasoek erantzunik izan gabe jarraitu ez dezaten: «Neurriak hartu behar dituztenek, har ditzatela, horrelako eraso faxistak gelditzeko; lehenbailehen izan beharko litzateke hori. Ikusten da, zoritxarrez, horrelako ekintzek ez dutela inolako erantzunik izan, ez atxiloturik... horrek kezka bat eragiten du».

Jaurlaritza Logoa