«Arduradun judizialek ‘EGIN’en aktiboak pikutara bidali dituzte»

21 urteren ostean ‘EGIN’ en enpresa editoreek zutik dagoen ondare eskasaren giltzak berreskuratu dituzte. Iñaki Soto GARAko zuzendariak azaldu digu egoera.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/12/02
Egin-gasteiz
'Egin'en Gasteizko erredakzioa, itxita izan da 21 urtez

EGINen enpresa editoreek, Orain eta Ardatzak, ez dute une honetan zuzendaritza talderik. Azkeneko kontseilarien agintaldia espetxean zirela agortu zen. Egoera honetan, urte luzez luzatu den prozesuan, bi enpresak ordezkatu dituen prokuradoreak ‘EGIN’en bi lokalen giltzen ardura hartzea onartu du Entzutegi Nazionalak. Batetik, EGINen erredakzio nagusia dugu. Hernanin, Eziago poligonoan, zegoen. Bi hamarkadaren ostean, oso-oso hondatuta dago. Zaintzarik gabe, suntsiketa naturala jasan zuen lehenik eta lapurretak ondoren. Bestetik, Gasteizko Olagibel kalean egunkariak zuen erredakzioa dugu. Guztiz itxita egon da azken 21 urteetan.

Iñaki Sotoren esanetan ‘EGIN’en aktiboen ardura zutenek «pikutara» bidali dute egunkariaren ondarea, «ez dutelako zaindu». «Arduradun judizialek» Hernaniko pabiloiaren suntsiketa «baimendu» dutela salatu du GARAko zuzendariak eta ez zaiela «ezer gertatu». «Inpunitatea ikaragarria da». Aldi berean, aipaturiko bi lokalak enbargatuak daude. «Prozesu honetan, urrats bakoitzak beti dauka alde zital bat, eta kasu honetan da lokalak enbargatuak daudela».

Entzutegi Nazionalak izendatu zituen administratzaileek, beraz, abandonatu egin zuten EGINen ondarea eta ez zituzten egunkariaren aktiboak eta pasiboak kudeatu. Iruñeako erredakzioarekin gertatu zena azpimarragarria da. Bankuen esku gelditu zen, kontuetan dirua izan arren ez zirelako gelditzen ziren hipotekaren kuota apurrak ordaindu.

Sotoren esanetan, «prozesu judizial honetan oso argi geratzen da pasiboak guri egotzi dizkigutela baina aktiboak ez dizkigute eman, ez dituzte zaindu eta pikutara bidali dituzte. Ikaragarria da. Hortik aurrera, piztu dute ere halako harrotasun bat gure komunitatean eta denon artean gai izaten ari gara aurrera egiteko».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia