Paul Bilbao: «Iruditzen zaigu gizarte eragileen aldetik badagoela konpromisoak hartzeko aukera»

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko irakurketa eta erronkak aurkeztu ditu. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu dizkigu xehetasunak: adostasun sozialak eraikitzeko prozesu sendoa egin nahi dute lehenik eta ondoren, akordio politikorako jauzia egitea.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/28
Kontseilua
Kontseiluaren ekitaldia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Adostasun sozialak eraikitzeko prozesu sendoa egin eta akordio politikorako jauzia egin nahi du ondoren Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Horretarako abagunea dela azaldu dute, urteko irakurketa eta erronkak aurkeztean.


Urteko mugarri nagusi bezala, hauteskundeak nabarmendu ditu Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak: «Horrek ekarri du Nafarroako parlamentuan aldaketa egotea eta horren ondorioz gobernuan ere aldaketak egotea. Horren ondorioz hizkuntza politika berriak izango ditugu hurrengo urteotan. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bi lege proposamen jarri dira mahai gainean, batetik hezkuntza legea eta bestetik kontsumitzaileen estatutuena. Ipar Euskal Herrian, zalantzarik gabe, hezkuntza izan da gai izarra».


Adostasun sozialak eraikitzeko prozesu sendoa abiatu nahi du orain Kontseiluak: «Hasi nahi dugu gizarte eragileekin lanean. Adostasun soziopolitikoak irudikatzen ditugu, baina lehenengo urratsa, 2020 urtean kudeatuko duguna, adostasun sozialak dira. Iruditzen zaigu gizarte eragileen aldetik, eragile sindikalen aldetik, badagoela euskararen aldekotasuna, badagoela konpromisoak hartzeko aukera».
Behin adostasun sozial trinkoak eraikita, akordio politikorako jauzia egitea da asmoa, Bilbaok azaldu digunez: «Iruditzen zaigu gizarte eragileekin adostasun trinko batzuk eraikitzen baditugu, horrek errazago egingo duela hizkuntza politiketan eragitea.»


Larunbatean, Parisen egingo den manifestazioan parte hartuko du, halaber, Kontseiluak, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak deitutako mobilizazioarekin bat egin dute: «2019an hezkuntzaren gaiak hartu du zentralitatea Ipar Euskal Herrian, ikastoletan eta baita eskola publikoan ere, Frantziako Hezkuntza ministroak jarraitzen du galgak  jartzen euskarazko irakaskuntzari. Zalantzan jartzen du euskarazko irakaskuntza bera. Denok batera jarduteko unea dela iruditzen zaigu, guztioi eragiten digulako eta desadostasuna agertu behar dugu».

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia