Kalera ateratzeko deia, presoen senideentzat «delikatua» den Gabonetan

Baionan eta Bilbon urtarrilaren 11eko manifestazioen atarian, mobilizazioak iragarri ditu Sarek Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Erakundeak «interpelatu» eta oinarrizko aldarriak zabaltzea dute helburu.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/26
Sare_irun%cc%83ea
Sareko ordezkariek Iruñean egin duten agerraldia (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Urtarrilaren 11ean 'Atera Bidera Orain Presoak' lemapean Baionan eta Bilbon izango diren manifestazioaren atarian, mobilizazioak deitu ditu Sarek Gabonen inguruan.

«Oinarrizko» aldarriak zabaldu eta «salbuespenezko espetxe politika» behin betiko bertan behera uztea eskatuko dute: gaixo larrien etxeratzea, urrunketa politikaren amaiera, motxiladun haurren eskubideak eta euskal emakume presoek bizi duten egoera salatuko dute.

Abenduaren 21ean Gasteizen eta Iruñean; abenduaren 27an Bilbon; eta abenduaren 28an Donostian deitu ditu mobilizazioak Sarek. «Salbuespenezko kartzela politika amaitzeko kalean egon behar dugu», esan du Inaxio Oiartzabal eledunak, gehituz azken urteetan norbanako eta erakundeekin presoen eskubideen defentsan adostasun zabalak lortu dizutela. Are gehiago, orain Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioak egiten ari direnean, kaleko presentziaren garrantzia nabarmendu du.  

«Euskal presoen ingurukoentzat Gabonak momentu delikatuak dira eta haien eskubideak aldarrikatzeko eta berotasuna eskaintzeko garaia», esan du Oiartzabalek.

Egoeraren berri eman dute: urrunketagatik 142 euskal preso 600 eta 1100 km artean urrunduta daude eta beste 42, 590 eta 400 km artean. Emakumeen kasuan, urrunketaz gain, bakartze egoerari ere aurre egin behar diete. Espainiar estatuan dauden 25 euskal emakume presoetatik, 12 bakartuta daude. Xuaren kasua ekarri dute gogora, bere amarekin dago espetxean, baina urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu eta gurasoengandik bereiziko dute. Xua moduan, beste 103 motxiladun haur daude. Gainera, larriki gaixo espetxean dituzte 21 euskal preso.

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia