Zuzenean

Naiz Irratia

Aita Mari: «Hunkigarria izan da egun hauetan lur jota ikusi dugun jendeari irribarre bat ikustea»

Porturatze momentua benetan hunkigarria izan dela kontatu digu Izaskun Arriaran Aita Mari ontziko eskifaia-kideak. Erreskatatutako 78 lagunak pozik daudela nabarmendu du, Libiako urak atzean utzita, Europako portu segurua zapalduta. Aita Mari ontziak atseden hartuko du datozen asteetan eta, gauzak ondo, urtarrilean itzuliko da erreskate lanetara.

Audio_placeholder

Aita Mari: «Hunkigarria izan da egun hauetan lur jota ikusi dugun jendeari irribarre bat ikustea»

Loading player...
78 pertsona erreskatatu ditu Aita Mari ontziak Mediterraneoan
78 pertsona erreskatatu ditu Aita Mari ontziak Mediterraneoan

Aita Mari ontziak erreskatatutako 78 pertsonak porturatuta, mediku inspekzio txiki bat egin diete guztiei, eta bi lagun ospitalera eraman dituzte. Gainerakoan, prozesu guztia lasaia izan dela eta ondo joan dela nabarmendu du Izaskun Arriaran Aita Mari ontziko eskifaia-kideak: «Momentua hunkigarria izan da, oso. Konturatu gara bost egunez 24 ordutan egon garela beraiekin, oso-oso eskertuta zegoen jendea, hitzik barik. Benetan hunkigarria izan da momentua eta egun hauetan lur jota ikusi dugun jendeari azken momentu horretan irribarre bat ikustea.».

Orain prozesu luzea dute aurretik: «Guztien erregistroa egin behar dute, bakoitzaren fitxa egin... egun pare bat eraman lezake prozesu guztiak. Pozalloko portuan gune bat dute prestatuta, ostatu bat oheekin, eta bertan egongo dira zer erabaki hartzen duten zehaztu arte».

Zain egon behar izan duten egunak lasaiak izan direla kontatu digu eskifaia-kideak, nahiz eta eguraldiak ez duen lagundu: «Asteburua hain izan da txarra... ostiraletik larunbatera bitarteko gaua izan zen izugarri txarra, izugarrizko olatuekin, ura alde guztietatik, hotza, haizea, leku guztiak bustita, ezin lorik egin... jendeak beldurra pasa zuen itsasoaren egoerarengatik eta, gero [eguraldiak] hobetu zuenez, jendea pixka bat lasaitu zen».

Begietan beldurra ikusi die Arriaranek erreskatatutako lagunei, Libiara itzultzeko beldurra: «Beraien helburu bakarra, bakarra eta argi utzi dutena, Libiara ez bueltatzea. Uste dute beti zerbait hobea egon daitekeela. Nahiko jende gaztea etorri da ontzian eta beraien ilusioak azaltzen zituzten. Ez dakite oso argi zer etorriko den, baina bai zer ez duten nahi. Badago jendea hiru eta lau aldiz saiatu dena etortzen. Hau izugarria da beraientzat».

78 lagun erreskatatu ditu Aita Marik, baina noraezean zeuden beste lau ontziren deia ere jaso dute egun hauetan. «Benetan gogorra» dela dio Arriaranek, jakitea Mediterraneoa mugarik gabeko hilerria dela: «Horregatik azpimarratuko dut mila aldiz pozik gaudela 78 hauek erreskatatu ditugulako, baina bizitakoa ikaragarria da... ez dut hitzik topatzen. Bi egunetan bakarrik ehunka pertsona hil dira eta beste 50 Libiara itzuli dituzte. Hori ezin da onartu».

Behin porturatuta, Aita Mari ez da itsasora bueltatuko datozen asteetan, Arriaranek dionez: «Eskifaiak eta itsasontziak atsedena behar dute. Greziara joango gara, han porturatuko dugu itsasontzia, bertan gauza batzuk konpondu eta txukundu behar ditugu. Eskifaiak atseden hartuko du abenduan eta espero dugu, dena ondo badoa, urtarrilean berriz erreskatatze lanetara ateratzea».

Jaurlaritza Logoa