Zuzenean

Naiz Irratia

«Gizarte bazterketan dauden pertsonen %48ak lan egiten du»

300.000 pertsona baino gehiagok gizarte bazterketa jasaten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta 90.000 jada gizartetik kanporatuak daude. Caritasen “Foessa Euskadi 2019” txostenaz aritu gara Itziar Subinasekin.

Audio_placeholder

«Gizarte bazterketan dauden pertsonen %48ak lan egiten du»

Loading player...
Gizon bat, diru eske, kalean
Gizon bat, diru eske, kalean

Caritasek kaleratu beri duen txostenak zalantzan jartzen du euskal oasia deiturikoa. EAEn 334.000 pertsonek bazterketa soziala jasaten dute, jendartearen %15 pasa.

Gizarte bazterketak «pobrea» izateak baino dimentsio gehiago dituela azaldu digu Subinasek. «Guk pobrezia gehiago lotzen dugu arazo ekonomikoekin eta gizarte bazterketan dimentsio gehiago daude jokoan, ekonomikoa, noski, baina baita politikoa, parte hartzea, erlazioak, dimentsio komunitarioa».

Caritaseko ordezkariak ohartarazi du gizarte bazterketari buruz egin zuten azken txostenetik sei urte igaro direla eta denbora tarte honetan gizartean, oro har, egoera hobetu egin den bitartean, bazterketa jasaten duen %15ari ez zaiola hobekuntza hori iritsi. Kezkagarria da oso egoera, izan ere, «egoera latzenak areagotu egin dira, beraien distantzia gainontzeko %85arekiko handitu egin da, zailtasun handiagoak dituzte hortatik ateratzeko», Subinasen hitzetan.

Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 334.000 pertsonek egunerokotasunean zailtasun handiak dituzte. «Seguruak ez diren etxebizitzetan bizi dira, langabezia iraunkorra da eta daukaten lana oso prekarioa izaten da, osasuna ere okertu egin zaie, eta erlazio mailan, lagunak izateko edo laguntza jasotzeko arazo gehiago dituzte».

Beste eragile askok bezala, Caritasek ere ohartarazi du gaur egun enplegua izatea ez dela pobrezia ekiditeko berme bat. Datuak argiak dira. «Orain arte ideia hori zegoen, ‘lana baldin badaukat gizarte bazterketatik kanpo nago’. Baina momentu honetan lanean dauden pertsonen %11 bazterketa egoeran dago eta gizarte bazterketan dauden pertsonen artean %48ak lan egiten du».

Jaurlaritza Logoa