Hautu pertsonaletik kolektibora salto egingo dute bigarren Euskaraldian

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Lehen edizioari jarraituz, Ahobizi eta Belarriprest dinamikak mantendu egingo dira datorren urtean ere. Nolanahi ere, elementu berri bat ere sortu dute antolatzaileek, datorren urteko Euskaraldirako: Arigune kontzeptua. Rita Aldabaldetreku, Euskaraldiko koordinatzailearekin hitz egin dugu.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/21
Etx_191120_946603
Euskaraldiaren aurkezpena egin dute San Telmo museoan. (Foku/Jon Urbe)

Hautu pertsonaletik kolektibora salto egin nahi dute Euskaraldiaren bigarren edizioan, Rita Aldabaldetreku koordinatzaileak azaldu digunez: «Lehengo urtean ikusi genuen Ahobizi eta Belarriprest rol pertsonalak direla eta, horien barruan konpromiso bat hartzeko hautua, pertsonala dena. Hori talde konpromisora eramanda, askoz ere eragingarriagoa da hizkuntza ohiturak aldatzeko, azkenean babesgune batzuk sortzen direlako talde izaera horretan. Taldeei garrantzia eman nahi izan diegu eta Ariguneak sortu ditugu. Euskaraz aritzeko gune babestuak izango dira».

Hala, gune formaletara eraman nahi dute Arigunearen kontzeptua: «Ariguneak gune babestuak izango direnez, eraman dugu gune formaletara. Gune formal horiei entitate izena jarri diegu, hartu ditugulako nolabait egituratuta dauden taldeak. Eta hor sar daitezke elkarteak, kirol taldeak, musika taldeak, enpresak, erakunde publikoak... egitura bat dutenak. Gune ez formalak edo aisialdikoak kanpoan geldituko dira, baina hor aukera dago, joan den urtean bezala, Ahobizi eta Belarriprest rolak baliatzeko».

Urtebete falta da Euskaraldiaren bigarren ediziorako, «denboraz eta patxadaz, erakundeek lana egiteko tartea edukitzea» bilatu dute antolatzaileek. Eta, herritarrentzat berriz, 2020ko irailean zabalduko da Belarriprest edo Ahobizi rola hautatu eta izena emateko epea. Hizkuntza ohitura jarrera kontua dela gogorarazi digu, nolanahi ere, Aldabaldetrekuk: «2019an ez da egingo joan den urtean izan zen ariketa masiborik, baina inork ez digu galarazten egunerokotasunean ere Ahobizi eta Belarriprest jarrerak hartzea».

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia