Sagardo Foruma, «Euskal Herriko sagardoa mundu mailan kokatzeko»

Datorren astean ospatuko da III. Sagardo Foruma. Azaroaren 21etik 25era mundu osoko adituak bilduko dira Hernanin, Oronan, eta Donostian, Kursaalean. Sagardoaren Lurraldea erakundeko Oihana Gaincerainen esanetan helburua sektoreari hausnarketarako espazio bat eskeintzea da, baita nazioartean egiten diren produktuak ezagutzea ere.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/14
Sagardo-forum
III. Sagardo Foruma Hernnaniko Orona Ideon aurkeztu dute. (Jon URBE/FOKU)

Gaur aurkeztu dute III. Sagardo Foruma Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak; Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak; Asier Arrese HAZIko zuzendariak; Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eta Oihana Gaincerain Sagardoaren Lurraldea erakundeko ordezkariak.

Hiru zati nagusi izango ditu Forumak. Batetik, jardunaldi teknikoak, bestetik Sagardo Lehiaketa eta azkenik, eta aurtengo berrikuntza da, Nazioarteko Sagardo Azoka.

Gaincerainek azaldu dizkigu Sagardo Forumaren helburuak. Batetik, sektoreak «espazio bat izatea gure kezka, zalantza eta erronkak mahai gainean ipini eta hortaz hitz egiteko era profesional batean». Bestetik, «kanpoan sagardo munduan egiten dena ezagutzeko, guk sagardo naturala egiten dugu baina oso zabala da produktu aukera eta sagarrarekin egin daitekeen guztia, baita sagarra nola ekoitzi daitekeen». Eta hirugarrenik, «Europa mailan eta baita Estatu Batuetan ere sagardo eta sagarraren munduan dagoen mugimenduan guk toki bat edukitze, beraiek ere gu ezagutzea».

Aurtengo berrikuntza Azaroaren 24 eta 25ean egingo den azoka da, 24ean publiko orokorrari zabalduta. Gaincerainek azaldu digu sagardo eta sagarretik eratorritako produktuetan dagoen aberastasuna jendeari helarazi nahi diotela. Stand ezberdinak egongo dira, herrialde ezberdinetako produktuekin, «baita bertakoak ere noski», eta ekoizleen azalpenak jasotzeko aukera ere egongo da.

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia