Zuzenean
Hauteskundeek analisirako aukera asko ematen dute normalean. Gako horiek aztertu eta hausnarketa eskatu diogu GARAko Iñaki Soto zuzendariari.
Alderdi guztiek izan dituzte boza kopuruetan galerak Hego Euskal Herrian, EH Bilduk izan ezik. Hauteskunde guztiek uzten dute fenomeno bat, eta hori EH Bildu izan da oraingoan Sotoren ustez: «joera orokorraren aurkako emaitzak izan ditu koalizioak. EAJk ere emaitza onak izan ditu, baina bozetan behera egin du».
Nafarroan, EH Bilduren gorakada nondik datorren galdetuta, faktore bat baino gehiago nabarmendu ditu: «Geroa Baitik dator bozka kopuru bat, EAJ eta EH Bilduren artean pardoxikoki EH Bildu dela bozka erabilgarria erabaki dute. Podemosetik beste puska bat jaso du eta akaso abstentziotik beste zati bat. Nafarroan muga etnikoa oso handia da. Fenomenoa ez da soilik Bel Pozuetaren erakarpena, badago beste aurrekari bat: Chiviteren gobernua ahalbidetzeko hartutako erabakian dago gakoa. EH Bilduk bere hitza bete zuen».
Santiago Abascalen alderdiaz uste du Vox eta Ciudadanos «fenomeno beraren adierazpide desberdinak» direla. «Nere ustez ez dira gauza bera, batek falangismo liberala irudikatzen du eta besteak falangismo erreakzionarioa. Estatua eta nazioari buruz duten ikuspuntu horretan, antzekotasunak dituzte, Primo de Riverismoan daudelako. Beraien programa politikoa irakurrita, ordea, batzuenak neoliberalak dira, besteenak arkaikoak. Desberdintasuna Euskal Herrian ez da duten babesa, baizik eta tradizionalki beti izan dutena. PSNko batek nekez babestuko du Vox; aldiz, Sevillan, PSOEko batek Vox bozkatu dezake».