«Bortizkeria matxista guztiak integratuko dituen lege koadro bat eskatzen diogu estatuari»

Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen laugarren emakumea gogoan, gaitzespen mezua bidali du Amaia Fontang, Ipar Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideak. Frantziako estatuak indarkeria matxistaren alorrean emandako azken urratsez ere aritu da gurean.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/07
Violencia_sexista1
Indarkeria sexistaren kontrako manifestazioa Baionan, azaroan. (Bob EDME)

Baionan izandako azken hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dira Frantziako Estatu osoan zehar, Amaia Fontangek azaldu digunez: «Ezinezkoa da gaur egun onartzea beste bat gehiago. Uste dut uholde bat ari dela antolatzen, behar diren neurriak har ditzaten hitzetatik at, neurri konkretuak har ditzan Frantses gobernuak».

Indarkeria matxistaren alorrean, Frantziako estatuan «atzerapen handia» dutela salatu du Fontangek, eta estatuari lege koadro bat eskatu dio: «Bortizkeria matxista guztiak integratuko dituen lege bat. Erran nahi baita, gaur egun, baldin badira jazarpen moral eta fisikoko indarkeriak, ez dira beste motetako indarkeriak sartuak. Beraz, definizio bat, zer den bortizkeria sexista. Neurri konkretuak ere bai».

Irailean, Parisen izan da batzar bat indarkeria matxistaren inguruan, eta hor erabakitako hamabi neurri konkretuak aplikatzea eskatu du: «Emazte bat joaten denean komisaldegira kereila bat ekartzera, behar den harrera ematea: biktima bat dela onartzea eta formatuak izan diren agenteak izatea ere. ‘Sinesten zaitut’ leloaren inguruan ulertzen dugu harrera hori».

Ipar Euskal Herriko Mugimendu feminista baikorra da, baina tentuz begiratuko diote neurrion aplikazioari: «Neurri horiek onartuak badira, biziki ongi. Aitzinamendua izaten ahalko litzateke. Baina horrentzat dirua eman behar da. Dudakor gara, ikusi arte benetazko medioak hartzen direla».

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia