«Ez dugu aurreikuspena bete, baina, neurri txikiagoan bada ere, helburuei aurre egingo diegu»

Urriaren 20an egin zen Nafarroa Oinez jaia Tuteran eta esperotakoa baino jende gutxiago gerturatu zen, eguraldi kaxkarragatik. Maru Eriz, Argia ikastolako lehendakariak azaldu digu horren ondoren egindako elkartasunerako deiak erantzun ederra izan duela, nahiz eta ez dituzten helburu ekonomikoak lortu. 

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/06
Etx_191106_909118
Iruñea. Nafarroa oinez 2019 balorazioa eta 2020 Lizarran izango dela iragarriz agerraldia irudian (Idoia Zabaleta))

Nafarroa Oinez jaiaren zikloa ixteko eguna izan du gaur Argia Ikastolak, lekukoa Lizarrako ikastolari pasata. Eguraldiak baldintzatu du, txarrerako, aurtengo jaia, baina baikor agertu da Maru Eriz, Argia ikastolako lehendakaria, ondoren jasotako laguntzarekin: «Elkartasun deiak izan du bere isla, jende askok bere ekarpena egin du eta esan dezakegu kopuru polita lortu dugula. Oso eskertuta gaude jaso dugun elkartasunarekin».

Jaiak zeuzkan helburu ekonomikoak zapuztu zituen eguraldiak, ohi baino askoz jende gutxiago gerturatu zen eta kontsumoak behera egin zuen. Gastuei aurre egiteko kanpaina abiatu zuten orduan: «Ez dugu aurreikuspena bete, baina orain kontuak ixten ari gara, fakturak ordaintzen eta, behin betiko zifra dugunean, berregokituko dugu egoera berri honetara. Neurri txikiagoan bada ere, helburuei aurre egingo diegu».

Garai ilunagoak bizi izan dituztela oroitu du, gainera, Erizek, eta aurrerantzean ere Erriberan euskara bultzatzeko moduan izango direla nabarmendu du: «Duela 35 urte hasi ginen eta egoera kaskarragoetan izan gara. Motelago bada ere, aurrera goaz».

Lizarrako ikastolari lekukoa pasa dio gaur, Tuterako Argia ikastolak: «Nafarroa Oinez beti dago martxan. Batzuk urtea ixten dugu, beste batzuk, ireki. Orain Lizarrako ikastolari dagokio eta gogotsu ikusi ditugu. Gu, gure laguntza eskaintzeko prest».

Herritarrei ere zuzendu zaie: ekarpenak egiteko, webgunearen bidez, oraindik badago aukera: «Ikastolara zuzenean deituta ere, gustoz hartuko ditugu deitzen digutenak».

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia