«Turistak badu euskara ezagutzeko gogoa»

«Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak» izenburupean jardunaldia egingo da Azaroaren 21ean Orion. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak aurkeztu dute gaur goizean ekimena.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/05
Euskaraetaturismoa
Iraitz Lazkano, Anuska Esnal eta Ane Sarasua, Donostian, jardunaldia aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lazkanok NAIZ Irratian azaldu du duela pare bat urte hasi zirela gaiaz hausnartzen. «Udalerri euskaldunetan hainbat hausnarketa egiten ari gara eta asko kezkatzen gintuen gaietako bat zen turismoak nolako eragina daukan hizkuntz komunitatean». Hala, iaz hainbat inkesta egin ziren udalerri euskaldunetan turistek euskararekiko duten pertzepzioa zein den argitu nahiean. Ondorioak ere atera zituzten eta UEMAko lehendakariak baieztatu du «hainbat turistek garrantzia berezia» ematen diotela euskarari. Hilaren 21ean egingo den jardunaldiarekin sakondu egin nahi dute hausnarketan, turismo jasangarri bat hizkuntza komunitatearen beharrizanekin uztartzeko.

Hizkuntzari dagokionean, turismoa mehatsu gisa har daitekeen galdetuta, Lazkanok azpimarratu du maiz euskaldunek autozentsurarako joera dutela, inkestetan ikusi dutela turisten aurrean euskara ezkutatzeko joera egon badagoela. Zentzu honetan, euskal hiztunak ahalduntzeko helburua ere badu Orion egingo den jardunaldiak.

Haratago, turistak berak euskararekiko duen begirunea eta hizkuntza ezagutzeko duen gogoa haintzat hartuta egingo da «Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak» jardunaldia. «Hausnartu nahi degu, zer eman diezaiokegun turista horri euskara bizitzeko eta hemendik beste oroitzapen batekin joateko».

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia