«Operazio borobila atera zaio Iberdrolari»

Lemoizko zentral nuklearra eraistearen gastuak ekidin ditu Iberdrolak, Lakuako Gobernuaren esku-hartzearen ondorioz. Hala, zentralaren instalazioak eta horiek eraisteak sortutako gastuak Jaurlaritzaren esku geratuko dira atzera ere, Iberdrolarentzat inolako kosturik gabe. Iruzurra dela salatu du gurean Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kideak.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/05
Etx_190702_902161
Lemoizko azpiegiturak. (Luis Jauregialtzo)

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute orain Lemoizko zentralaren lur-eremua Lakuako Gobernuaren esku uzten dituen erabakia. Jaurlaritzaren esku hartzearen ondorioz Iberdrolak ez du ezer ordaindu beharko zentral nukelar izan asmo zuen eremua bere onera ekartzeko lanetan. 

Albistea ezagutu orduko salatu zuen jokaldia Eguzkik, gurean izan da gaur Garikoitz Plazaola talde ekologistako kidea. Lur publikoak zirela gogoratu du: «Horien zesio bat egin zen, utzi egin zitzaizkion lurrak Iberduerori, gero Iberdrolari. Zoru horietan eraikitzen hasi zirenean, Espainiako Gobernuak konpensazio bat eskaini zion Iberdrolari. Konpensazio hori denon diruarekin ordaindu da». Konpentsazio horrez gain, Iberdrolak irabaziak izan dituela salatu du, gainera.

Orain, ordea, zentrala eraisteak sortuko dituen gastuei Iberdrolak ihes egin diela salatu du Plazaolak: «Iberdrolari dagokionean lurrak lehengoratzea, edo onbideratzea, orain horretaz libratuko da eta gure eskutara pasatzen da, zeren eta Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasatzeak esan nahi du herritarron eskuetara pasatzen dela. Ondorioz, hor egingo diren gastu guztiak herritarron kontura joango direla. Operazio borobila atera zio Iberdrolari. Urteen poderioz, operazio borobila atera zaio Iberdrolari: etekinak atera ditu eta gainera gain-kosturik ez zaio ordaintzea tokatzen».

Aurrera begira, eta behin Ministerioko agindua argitaratuta dagoela, legalki ezer aldatzea zaila izango dela dio ekologistak, baina nabarmendu du oraindik Administrazioak ez duela proiekturik espazio horren inguruan eta guztion artean erabaki beharko litzatekeela: «Gaur egun ez dago ezer zehatzik. Guk uste dugu momentua dela erabakiak hartzeko eta erabaki horiek ahalik eta adostasun handienarekin har daitezen. Lemoizekin zer gertatuko den erabakitzerakoan, denok parte hartu behar dugu: Administrazioak, alderdi politikoek, eragile ezberdinek… ez dugu onartzen Eusko Jaurlaritzak inposatzea ze etorkizun izan behar duten lur horiek».

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia