Zuzenean
Bere emaztea hiltzea leporatuta atxilotu duten 52 urteko gizonezkoa Baionako espetxean dago. Ostegunean eramango dute epailearen aurrera. 'Pasio krimena' edo 'drama familiarra' bezala landu izan dituzte orain arte hilketa eta eraso matxistak frantziar hedabideek. Gaur, lehen aldiz, Baionakoa 'feminizidioa' izan dela esan du Frantziako Irrati Kate Publikoak.
Idoia Eraso lankideak gaia gertutik jarraitu du eta termino aldaketak herritarren pertzepzioa aldatzen ari denaren erakusletzat jo du. 'Feminizidio' hitza erabiltzea gizartearen arazo sozial bezala tratatua izateko zantzu bat izan daiteke.
Pasaden irailean indarkeria sexistaren inguruko hausnarketa eta eztabaida prozesua jarri zuen martxan Emmanuel Macronen gobernuak. Aldaketak etor daitezke bertatik, baina kalean terminoak ez ezik, kalera erasoak arbuiatzeko ateratzen diren lagunen kopuruak gora egiten dihardu. Aldaketak urratsez urrats egiten dira, herritarrek bultzatuta, erakundeek eta eragileek lagunduta. Hitzak askatu eta termino zuzenak erabiltzeak garrantzia handia duela ezin uka: 'feminizidioak' indarkeria etxetik kanpo kokatzen du, gizartera gerturatu eta arazo politiko bilakatzen du.