Zuzenean
Balorazio egunak dira jardunaldi feministen osteko hauek. Zuriñe Rodriguez da antolaketa lanetan buru-belarri aritu denetako bat, komunikazio lantaldean, bere kasuan. Euskal Herriko mugimendu meminista indartsua eta anitza dela nabarmendu du, «Durango bukatu da, baina orain erronka da mugimendu guzti hori saretzea, indartzea eta jarraitzea. Salda, badago».
Durangotik etxerako lanekin atera direla aitortu du: «Erronkarik handiena, emakume arrazializatuek egindako kritika: Mugimendua anitza izan behar da, ez delako zuria. Antikoloniala izan behar da. Gure gain hartu behar dugu erronka hori».
Hala, erronka horiei heltzeko gaitasuna badutela gehitu du Rodriguezek: «Garrantzitsua da esatea kritika horiek egon zirela, mugimendu feministatik gure gain hartzen ditugula kritika horiek eta orain lana egin behar dugula. Guzti hau ezin da Durangon gelditu, hartu eta gure egituretara eraman behar dugu. Hori da dugun barne erronkarik handiena».
Jardunaldietatik harago, Euskal Herrian izandako azken hilketa matxista ere, gaur ezagutu dugun Baionakoa, gogoan izan du Rodriguezek: «Ekitaldian gogoratu genituen erahildakoen izen guztiak eta beste bat gehitu behar diogu. Sentsazio gogorra da. Izenak gehitu eta gehitu goaz eta hau ez da gelditzen». Sentsazio gogor eta min horri borrokan jarraitzeko grina batzen zaiola ere gehitu du, «ezinbestekoa da mugimendu feministaren indarra eta mahai gainean jartzen ari garen alternatibak. Gustatuko litzaigue esatea espero dugula horrelako albisteekin ez esnatzea berriro, baina zoritxarrez badakigu gehiago izango direla».