Zuzenean

Naiz Irratia

«1978ko Sanferminetako txostena ez dela existitzen esan zuten, eta gezurra da»

Sanferminak 78 Gogoan elkarteak kereila aurkeztu du Juan Ignacio Zoido eta Fernando Grande Marlaskaren aurka, dokumentu publikoak ezkutatzeagatik. Sabino Cuadra, elkarteko kidea, izan da gurean eta administrazioari leporatu dio oztopoak jarri eta dokumentuak ezkutatzen aritzea.

Audio_placeholder

«1978ko Sanferminetako txostena ez dela existitzen esan zuten, eta gezurra da»

Loading player...
78ko sanferminetako gertakarien salaketa, iazko Sanferminetan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
78ko sanferminetako gertakarien salaketa, iazko Sanferminetan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

1978ko Sanferminetan hil zuen German Rodriguez polizia espainiarraren tiro batek. Cuadrak azaldu digu, gertaeren inguruko txosten bat egin zela 78an bertan, Rodolfo Martin Villa garaiko barne ministroak aginduta: «Txosten polizial inportantea zen, gertatuaren ingurukoa. Urte hartako uztailaren 19an eztabaidatua izan zen, gainera, Espainiako Kongresuan. Txosten horrekin, modu nabarmenean geratu zen ebidentzia benetakoa zela».

Espainiako Gobernuari behin baino gehiagotan eskatu diote txosten hori, baina ez dute lortu oraindik. Oztopoak salatu ditu Cuadrak: «Bi aldiz eskatu dugu guk, bata Rajoyren Gobernuarekin eta bigarrena Sanchezen Gobernuarekin. Kongresuko parlamentari batzuen bitartez eskatu dugu txosten hori eskuratzea, eta bi kasutan erantzun bera jaso dugu: halako txostenik ez dela existitzen ministerioaren artxiboetan; gezurra dena. Konstantzia badago txosten hori egin zela, polizia buruek sinatu zutela eta kongresuan eztabaidatu zutela». Iruñeko epaileek ere bost aldiz eskatu dute txosten hori, Cuadraren arabera, irekitako prozesuan aztertu nahi zutelako, baina eurek ere ez zuten erantzunik jaso.

Kode Penaleko 413. artikulua baliatzea erabaki dute orain, erantzukizun penalak eskatzeko: «Kode penalak dio dokumentu publikoak lapurtzeaga, ezkutatzea edo txikitzea delitua dela, eta horregatik aurkeztu dugu kereila». Cuadrak erantsi du kereila Madrilen aurkeztea erabaki dutela arduradun garrantzitsuenak bi ministro direlako eta, hortaz, kereila aurkezteko eskumena Madrilen dagoelako.

Kereilaren bitartez, galdera ugari erantzun eta ardura politikoak eskatu nahi dituzte Sanferminak 78 Gogoan elkartean: «Dokumentu publikoak ezkutatu edo suntsitzen duena delitu baten arduraduna da, arduradun gorenak ministroak dira eta hortik beheruntz, kontu horretan aritzen diren guztiak. Argitu behar da zer gertatu den txosten horrekin, non dagoen eta zergatik ez ziguten bere momentuan eman. Eta, ez badago, azaldu behar da zeinena den ardura».

Jaurlaritza Logoa