Zuzenean

Naiz Irratia

Hiru saski aukeran, Errigoraren aurtengo kanpainan

Seigarren kanpaina martxan jarri du Errigorak: azken urteetan bezalaxe, Nafarroa hegoaldean euskarari putz egiteko balioko du Erriberako kontserbak erosteak. Azaroaren 20ra arte egin ahal izango dira eskaerak, Iker Ajuriagerra Errigorako kideak azaldu digunez. Aurten, gainera, ordainketak webgunean bertan egin ahal izango dira. 

Audio_placeholder

Hiru saski aukeran, Errigoraren aurtengo kanpainan

Loading player...
Aurtengo kanpainan, hiru saski. Argazkia: Errigora
Aurtengo kanpainan, hiru saski. Argazkia: Errigora

2013tik 2018ra, 800.000 euro helarazi dizkiete Errigorako ekoizleek Nafarroako euskararen aldeko eragileei: AEK-ri, ikastolei eta Sortzeneko D ereduari. Iazko kanpainarekin gustora agertu da Ajuriagerra, Nafarroako euskararen aldeko eragileek “arnasa bezala sentitzen dutelako kanpaina honetatik jasotzen duten diru-laguntza”.

Azken urteetako erronka bati helduta, aurten, berritasun bezala, ‘Agerraldia’ sortu dute Errigorako kideek: «Egunen batean Errigora desagertzen bada edo kanpainak indarra galtzen badu, egindako lan guztiak segida izan dezan». Hala, «modu autonomoan euskara sustatzeko» sortu dute ‘Agerraldia’ eta aurten elkarte izaera eman diote. Elkartearen helburuak izango dira euskalzaletasuna indartzea, euskara ikasteko aukerak handitzea eta euskararen erabilera sustatzea.

Erriberan aurten izandako uholdeek Errigorako ekoizleei gehiegi ez diela eragin azaldu du Ajuriagerrak: «Zortea izan dugu zentzu honetan, inguruko nekazariek kalteak izan dituzte, baina zorionez gurekin lan egiten dutenek ez dute kalterik izan».

Saskiei dagokienean, hiru izango dira aukeran, aurtengo kanpainan: beltza mantendu dute, hasieratik egon dena, «asko erosten delako». Eskaerei erantzunez, soilik produktu ekologikoz osatutako saski bat ere prestatu dute: «Gure komunitatean badago kontsumitzaile kopuru bat soilik ekologikoa kontsumitu nahi duena eta, horri erantzunez, kutxa ekologiko bat jarriko dugu, kutxa berdea, 60 euroan». Azkenik, Gabon giroko kutxa bat ere prestatu dute, Gabonekin lotzen ditugun produktuekin: «Patxarana, polboroiak, zainzuri lodiak… gabon itxurako saski bat».

Informazio osoa eta eskaerak, www.errigora.eus webgunean.

Jaurlaritza Logoa