Zuzenean

Aizpuru, Oinatz

Mikel Isusi Txiletik: «Etxetik atera eta militarrak ikusten ditut uneoro»

Txileko Santiagon dago Mikel Isusi donostiarra. Azken urteetan gobernuak aplikatu dituen pribatizazio politikak herritarrak haserretu eta kaleak bete dituzte. Sebastian Piñeraren erantzuna, errepresioa.

Audio_placeholder

Mikel Isusi Txiletik: «Etxetik atera eta militarrak ikusten ditut uneoro»

Loading player...
Protestas en Santiago de Chile. (Claudio REYES/AFP)
Protestas en Santiago de Chile. (Claudio REYES/AFP)

Txilen, garraiolariek bat egin dute gaurko protestekin. Kexu dira, batik bat, hilabetero autobideak erabiltzeko ordaindu behar duten dirutzarekin. Hain zuzen, Txileko haserrearen ernamuina sakonekoa da. Metroko txartelaren prezioaren garestitzeak mobilizazio jendetsuei eman zien bide, ordea, Txileko oinarrizko sistema guztiak pribatizatuta daude eta herritarrak itota bizi dira.

Hala kontatu digu Mikel Isusi donostiarrak Santiago hiriburutik. Bertara ikastera joan eta protesten testigua da Isusi. «Osasungintza, pentsioak eta oinarrizko guztia pribatizatuta dago Txilen», kontatu digu. Are gehiago, txiletarren %1ak aberastasunaren %30 pilatzen du. Sebastian Piñeraren barkamenak eta neurri sozialen iragarpenak ez ditu protestak lausotu. Isusik esan digunez, txiletarrek sakoneko aldaketak nahi dituzte, tartean, konstituzioa bera aldatzea.

Mobilizazioez ez dute etenik. Egunero 17:00etan Santiago erdiguneko Italia plazan elkartu eta poliziak eta militarrek gogor egiten dute bildutakoen kontra. «Tanketekin sartu eta edozein harrapatu nahiean sartzen dira» esan digu Isusik. Poliziak bere inguruko bat baino gehiago zauritu duela perdigoizko balekin nabarmendu du.

Azken egunetan sektore gehiagok egin dute bat protestekin eta aniztasun hori nabari da protestetan. Salbuespen egoera eta etxeratze-agindua ezarri du gobernuak, 20:00tatik 6:00etara kalean egotea arriskutsua dela esan digu Isusik eta beldurra arnasten dela.

Orotara 18 hildako izan dira protestetan, milaka atxilotu eta giza eskubide urraketa larriak.

Jaurlaritza Logoa