Zuzenean
Frankoren deshobiraketa baikorki baloratu du Abaurreak, beste askok bezala berandu iritsi dela eta oraindik ere gauza asko egiteke daudela uste duen arren.
Mola eta Sanjurjoren eta baita Frankoren gorpuak hainbeste urtez Erorien monumentuan eta Erorien haranean egon izanak erakusten du Abaurrearen ustez «frankismotik atera eta ustezko demokrazia batera pasatzeko» ez zela haustura bat egin.
Hala, EH Bildu Udal gobernuan sartu zenean, hasiera-hasieratik izan zuen argi memoria historikoaren inguruan «lan handia eta sakona» egin behar zuela. Abaurreak gogoratu du UPNk 16 urtez gidatu zuela Iruñeako Udala eta ez zuela inolako pausurik eman nahi memoria historikoari dagokionean.
Koalizioak abertzaleak bai, ordea, eta tartean Mola eta Sanjurjo general frankisten gorpuzkiak Erorien Monumentutik ateratzeko lanari heldu zion. Arazoak topatu zituzten, tartean, eraikina Udalarena izan arren gorpuak hartzen zituen kripta Apezpikuarena da eta honek ez zituen deshobiraketak baimendu nahi. Abaurreak azaldu digu argi esan ziotela apezpikuari borondate irmoa zutela Mola eta Sanjurjo bertatik ateratzeko. «Gure borondatea irmoa zen, botere zibilari zegokion horrelako erabaki bat hartzea eta guk hiriaren borondatea ordezkatzen genuen. Apezpikuari esan genion ez genuela atzera pausurik emango eta nahiago genuela ongi egin, ordenatua, eta errespetatuz hor zeudenen familiak». Juridikoki ere oztopo ezberdinak izan zituzten baina konponduz joan ziren azkenean helburua lortu zuten arte.
Sanchezen gobernuak Frankoren deshobiraketari eman dion trataera mediatikoaren aurrean, Abaurreak dio «guk tratamendu mediatikoari baino ekintzari eman genion garrantzia». «Guk gauez egin genuen, medio gutxirekin». Are gehiago, uste du halako ekintza bat «propaganda elektorala» egiteko aprobetzatzea ez dela oso egokia.